argia.eus
INPRIMATU
Semea hil eta sei urte geroago, barkamena eskatu diete Iñigo Cabacasen gurasoei operatiboko sei ertzainetatik bik
  • Iñigo Cabacas auziaren barruan epaitzen ari diren sei ertzainetatik bik barkamena eskatu diete hildakoaren gurasoei, astelehenean epaitegiko atean haiekin topo egin zutenean. Fina Liceranzuk, Cabacasen amak, kontatu du gertatutakoa.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 17a
Ertzaintzako agenteak gomazko pilotak tirokatzeko armak eskuan (argazkia: UK Berri / CC-by).

Ahozko epaiketa hasi aurretik hitz egin zuten bi ertzainek gomazko pilotak tirokatuta hil zuten Athletic-eko zalearen gurasoekin. Liceranzuren arabera, bi ertzain hurbildu zitzaizkien eta esan zieten Cabacasen hilketak “ez zuela gertatu behar, beraiei agindu egin zietela kargatzea eta eurek ere seme-alabak dituztela”.

Liceranzuk erantzun zien baietz, baina haien seme-alabak bizirik daudela eta Iñigo Cabacas berriz hilerrian. “Sentitzen zutela esanez urrundu ziren”, esplikatu du biktimaren amak, Europa Press agentziak jaso duenez.

Ertzaintzak eragindako hilketa epaitzeko bigarren saioan, akusazio partikularraren testigantzak entzun ahal izan ziren, tartean Cabacasen adiskide batena. Honek ziurtatu duenez, ez zegoen istilurik Maria Diaz de Haro kalean Ertzaintzaren karga hasi zen arte.

Cabacasen amak, astearteko saioa amaituta, gogora ekarri du bere semea lurrera erori ondoren ertzainek ez zietela ingurukoei laguntzen utzi. “Jo egiten zieten eta ez zuten nahi inork Iñigo artatzerik. Horrek min handia egin du”, esplikatu du.