argia.eus
INPRIMATU
Seme-alabei mugikorra erosteko adina atzeratzea adostu dute Udarregi ikastolako gurasoek
  • Bi amaren kezkak abiatu zuen prozesua Usurbilgo Udarregi ikastolan: zein adinetan erosi smartphonea seme-alabei? Ikastetxeko guraso elkarteak proiektu mamitsua garatu du ordutik, gaiaren inguruan ikasleak eta gurasoak formatzeko. Horrez gain, hiru hilero negoziatzen dute gurasoek: haurrei mugikorra ematea beste hiru hilabetez atzeratzeko moduan gaude? Baietz adostu dute LH 5 eta 6. mailako gurasoek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko otsailaren 08a

Ikastetxeko bi amak jarri zuten kezka mahai gainean. Zarauzko ikastolan gaia lantzen hasiak zirela eta bertan aholkulari aritzen zen Miren Ros adituaren hitzaldia antolatu zuen Udarregiko guraso elkarteak, 2019an. Hitzaldi isolatutik harago, ordea, kostatu zitzaien patata beroari heltzea, norberak bere etxean egiten duenaz aparte gaiari modu kolektiboan eustea. Baina ekin zioten azkenean, Lehen Hezkuntzako ikasgela bakoitzeko guraso ordezkari banarekin talde eragilea sortu eta 2021eko urrirako prest zuten proiektua: eskolako programazio pedagogikoan txertatu dute gaia – Udalaren dirulaguntza bati eta ikastolaren inplikazioari esker–, eta ikasleei formakuntza ematen die Miren Rosek, LHko 4, 5 eta 6. mailan eta DBHko 1 eta 2. mailan, Youtube, Twitch, bideo-jokoak –nagusiki mutilak dira erabiltzaile–, sare sozialak –nagusiki neskak dira erabiltzaile– eta gisakoak kritikotasunez erabiltzeko eta sarean norbere burua babesteko baliabideak garatu ditzaten, besteak beste.

Izan ere, bi helburu ditu proiektuak: mugikorraren erabilera haurren artean ahalik eta gehien atzeratzea batetik, baina behin interneterako eta mugikorretarako sarbidea dutela, eskura dutena ongi erabili dezaten teknologikoki heztea, bestetik.

“Ez dakit lortuko dugun gure haurrek 16 urte bete arte atzeratzea, baina pixkanaka egingo dugu bidea”

Gurasoek ere prestakuntza jasotzen dute Rosekin, eta sortzen diren zalantzez eztabaidatzen dute, elkarri lagunduz, batzuek eta besteek etxean nola jokatzen duten partekatuz. Eta hiru hilero, negoziatu egiten dute: beste hiru hilabetez seme-alabei mugikorra ematea atzeratu dezakegu? LH 5 eta 6. mailako guraso gehienek hala adostu dutela kontatu digu Izaskun de Miguel Udarregiko gurasoak. “Ez dakit lortuko dugun gure haurrek 16 urte bete arte atzeratzea, baina pixkanaka egingo dugu bidea”, dio. Iazko udaran LH 6. mailan zeuden ikasleen gurasoek, adibidez, atzeratzea adostu zuten, baina pasa den abendutik, seme-alabak jada DBH 1. mailan direla, bost ikaslek izan ezik gainerako guztiek mugikorra dute. De Miguelek kontatu digunez, bere inguruan 12 urterekin eman ohi zaie mugikorra haurrei.

Gurasoen batasuna gako inportantea dela dio, gehienek bide bera urratzen badute lortzen dutelako smartphonea ez izatea desoreka eta bazterketa iturri, ikasle gehienek badutelako eta gutxiengo batek ez.

Gurasoen batasuna gako inportantea da, gehienek bide bera urratzen badute lortzen dutelako smartphonea ez izatea desoreka eta bazterketa iturri

Zergatik atzeratu adina?

Izaskun de Miguelek oharra egin du: ez daude teknologiaren kontra, teknologiaz eta haren erabileraz gogoetatzeko beharra jarri nahi dute mahai gainean. Haurren garunak ez daude prestatuta mugikorretako input jarioa behar bezala kudeatzeko eta menpekotasun arazo izugarria sor daiteke –“helduongan ikusten dugu”–. Zenbait erabilera atzeratzea komunikazio bortitza saihesteko modua ere badela dio gure elkarrizketatuak, ikusi baitute Fortnite eta halako bideo-joko bortitzek eragina dutela gero ikasleen arteko harremanetan.

Behin seme-alabari mugikorra ematea erabaki dugunean, opari gisa ez aurkeztea inportantea dela dio de Miguelek, eta ez izatea zerbait pribatua, baizik eta gurasoek sarbidea izatea, etxeko sarreran denen eskura egotea gailua. Horretarako, baina, gurasoek antzera jokatu behar dute, eurak izan behar dute eredu: “Etxean uneoro mugikorrari lotuta bagaude, nola eskatuko diegu kontrakoa seme-alabei? Helduok pantailarekin dugun harremanari erreparatzea da lehenengo urratsa”.

"Helduok pantailarekin dugun harremanari erreparatzea da lehenengo urratsa"

“Ez gara gai honekin bueltaka gabiltzan bakarrak”, nabarmendu digu de Miguelek. Zarauzko ikastolako eredua izan zuten beraiek abiapuntu, eta Zumaiakoei laguntzen ari zaizkie orain. Tolosan, Donostian… ere ari dira gaia lantzen, eta Hernanin herri guztia aintzat hartzen duen ekimena dute esku artean.

Beste artikulu baterako ematen duen aipamena ere egin digu Izaskun de Miguelek: Udarregin talde eragilean inplikatu diren guraso guztiak amak dira, emakumeak.

Gaiari lotuta:

Ikasgelako gurasoen artean adostuko bagenu zein adinetan erosi mugikorra seme-alabei?