argia.eus
INPRIMATU
Seme-alabak berandu izatearen ajeak
  • Batez beste, adinez gero eta nagusiago bilakatzen gara ama eta aita, hala diote datuek. Biologiari aurre hartu diote ugalketa teknikek, baina guraso zahar ugariko gizartea izatearen inguruan gogoetatzea falta dela iritzi dionik bada.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko martxoaren 05
"Orokorrean, lehentasunak garbiagoak dituzu eta izandako bizi-esperientzia lagungarria da denerako, baita haurrak hezteko garaian ere". Freepik

Esperma eta obulu emaileak, intseminazio artifiziala, in vitro ernalketa, adopzioa… 40 urteren bueltan edo 40taka urterekin guraso izatea ahalbidetzen duten aukerak ugariak eta aurreratuak dira, baina ugalketa teknikek hartu duten abiadura azkarragoa da, adin horretako gero eta guraso gehiago izateak dakartzan aldaketa sozialen inguruko gogoeta baino. Hala diote ElDiarion irakurri dugun erreportajean.

Zergatik daude gero eta guraso berantiar gehiago? Argudiatzen da, besteak beste, hezkuntza urteak luzatu egin direla gero eta biztanle gehiagoren artean edota gaztaroa luzatu egin dela sozialki, baina baita ere prekarietateak zaildu egiten duela bizitza-proiektu bat gauzatzea (lan baldintza kaskarrak, etxebizitza lortzeko zailtasunak, ziurgabetasuna harremanetan eta gainerako arloetan…).

Guraso berantiar izatearen ondorioak…

Zenbat eta zaharrago guraso izateak duen ondorioetako bat agerikoa da: neke fisikoa (eta mentala). Ume jaioberri, ondoren haur txiki eta gero ume koskor baten behar eta erritmoei erantzutea –gurasoa ere adinean gora doala– neketsua da, ez dago zalantzarik, eta sasoitsu egotea beti da lagungarri. Erreportajean, esaterako, ama berantiar batek perimenopausia aipatu du: “Artikulazioen oxidazioa, insomnioa, umore aldaketak… Horrek guztiak haurren energiarekin elkarbizi behar duenean, sarri ez da erraza”.

Beste gako interesgarri bat ere gehitu du hainbat guraso berantiarrek: 40-50 urteren bueltako belaunaldian, ohikoa izaten da norbere gurasoen zaintzak gero eta protagonismo gehiago hartzea, eta bi errealitateek bat egitea, alegia ume txiki baten zaintzak eta adineko gurasoenak uztartzea, eta ez da batere samurra.

Gainera, ingurura begiratzea besterik ez dago konturatzeko zenbat eta zenbat gurasok jotzen duten amona-aitonengana, haurren zaintzan eta kontziliatzeko garaian lagundu diezaieten, baina hori ez da posible, beste batzuk zaintzeko ordez zainduak izateko egoeran baldin badaude.

Bi errealitateek bat egitea, alegia ume txiki baten zaintzak eta norbere gurasoenak uztartu behar izatea, ez da batere samurra

… eta abantailak

Dena ez da iluna, haurrak berandu izan dituztenen ahotan. Nabarmendu dute adinean zaharragoa izanda, ohikoagoa dela egonkortasun sozioekonomiko handiagoa izatea, eta erabakiak kontzienteagoak eta aztertuagoak izan daitezkeela (esaterako, bikotekidea aukeratzeko garaian, aurrez izandako esperientziak aintzat hartuta). “Orokorrean, lehentasunak garbiagoak dituzu eta izandako bizi-esperientzia lagungarria da denerako, baita haurrak hezteko garaian ere”.

Elkarrizketatuetako batek azpimarratu du abantaila nagusia garbi duela: 30 urteetatik aurrera, independentzia ekonomikoa daukazunean eta gustuak argi, nahikoa irten, bidaiatu, ligatu eta denbora zukutu izana abantaila da, hori guztia disfrutatu eta gero seme-alabak hezten buru-belarri jartzeko.

Kontuak kontu, adar eta inplikazio ugari dituen gaia da gurasotasuna zahartzearena, eta ez dio soilik guraso izateari eragiten, baita (ezinbestean) seme-alabei eta egitura sozialei ere, besteak beste.