Ekainaren 4tik 7ra bitartean egingo dira unibertsitatera sartzeko ebaluazio probak Hego Euskal Herrian. Selektibitatearen aurkako kontzentrazioak burutuko ditu Ikasle Abertzaleak erakundeak, azterketek “kapitalismoa erreproduzitu eta indartzeko helburua dutelako eta langileongan eragiten duten sufrimendu, estres, depresio, min eta ezinegon guztiagatik”
Ikasle Abertzaleak taldeak kontzentrazioak deitu ditu laster ospatzekoak diren selektibitate azterketen aurka, ohar batean jakinarazi duenez. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioen aurka gogor egin du ikasle sindikatuak, haren ustetan probek dituzten hiru funtzio nagusiak salatuz.
Ikasle Abertzaleaken iritziz, hezkuntza sistemak sortu nahi duen ikasle mota lortu den ala ez ebaluatzeko azterketa litzateke selektibitatea: “Ikasleak zenbateraino barneratu duen hezkuntza prozesuak ezarritako ikasketa diziplina. Hori, irakatsitako edukia memorizatzeko gaitasunaren arabera baloratzen du selektibitateak”. Bigarrenik, hezkuntzak betetzen duen “filtro sozial” funtzioaren azken urratsa litzateke selektibitatea, ikasketa alor batzuetan edo besteetan sartu ahal izateko nota sistema erabilita nagusiki. “Estatus sozial altua duten ikasketak nota gehien duten ikasleentzat, ikasketa diziplina hobekien barneratua dutenentzat”. Azkenik, edukien bidezko homogeneizazio ideologikoa salatu du Ikasle Abertzaleak: “Milioika ikaslek, zehatz-mehatz jakingo baitute [Espainiako Estatuko burgesiari] komeni zaion ikuskera historiko, filosofiko eta ekonomikoa, besteak beste”.
Horregatik guztiagatik, 'Selektibitateari ez!' lelopean kontzentrazioak deitu ditu Ikasle Abertzaleak. Ekainaren 4an Iruñeako NUPen, eta 5ean Ibaetako, Gasteizko, Leioako eta Sarrikoko campusetan.