argia.eus
INPRIMATU
Selektibitatea ekainaren amaieran egingo da Nafarroan eta uztailean EAEn
  • Espainiako Gobernuak eta autonomia-erkidegoek erabaki dute unibertsitatera sartzeko proba ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartean egingo dela, beti ere koronabirusaren pandemiaren bilakaeraren arabera. Gainera, azterketa ikasturteko errealitatera egokituko da, eta ikasleentzat malgua izango da.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 25

Espainiako Gobernuaren irizpide horiek aintzat hartuta, EAEn ohiko azterketak uztailaren 6, 7 eta 8an egin daitezke aurreikuspenen arabera eta ezohikoak 20, 21 eta 22an. Nafarroan, ordea, ekainaren amaieran egingo dira ohikoak eta ezohikoak uztailaren bigarren hamabostaldian, oraindik zehaztu gabeko datetan. Hala ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzak ez du baztertu azterketak irailera atzeratzea.

"Bai Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak, bai Unibertsitate eta Autonomia Erkidegoek badakite ikasturtea zaila izaten ari dela Batxilergoko 2. mailako irakasleentzat eta, bereziki, ikasturte honetako ikasleentzat, koronabirusak ekarri duen eskola etetearen ondorioz", azaldu du Ministerioak igorritako oharrak.

Gainera, Madrilgo gobernuak eta erkidegoek adostu dutenez, "unibertsitateko sarrera justizia eta berdintasun parametroen arabera egiten dela segurtatzeko, proben eredua eta edukia aldatzea erabaki da, ikasleek ikasgairen bateko eduki-blokeren bat ikasgelan landu ez dutelako kalterik jasan ez dezaten".

Azterketa nolakoa izango den azaltzen duen ohar osoa bidali du Unibertsitate Ministerioak. Oro har, hezkuntza agintariek azaldu dute helburu nagusia dela "ikasle bakar batek ere ez galtzea ikasturtea" eta inor ez kaltetzea alarma egoeraren ondorioz. Azterketa berriari dagokionez, unibertsitateek egungo ikasturterako ikasleen eta irakasleen eskura jarri dituzten ereduetatik ez da urruntzen.

Galderak nahieran erantzuteko aukera

Azterketak aurreikusita zegoen gauza bera iraungo du. Ikasleei gaietan aukera bat baino gehiago ematea da asmoa, haiek hauta dezaten zein galdera erantzun, gehienez 10eko nota lortu arte, "nahiz eta aurrez aurreko klaseetan ez den ikasgaiaren curriculumaren zati bat garatu, galdera edo kontu bat bera ere ezingo da derrigorrezkoa izan". Hau da, ikasturte osoari buruz galdetu ahal izango da, baina ikasleak aukeratu ahal izango du ez erantzutea ikasgelan eman ez diren edukiei buruzko galderak. Halaber, unibertsitateek argitu dutenez, nahikoa galdera eskainiko dira bloke bakoitzean gehienezko puntuazioa lortu ahal izango dela bermatzeko.