Aste batzuk barru egingo dira Hego Euskal Herrian unibertsitatera sartzeko frogak eta hezkuntza eragileek dinamika bat abiatu dute salatzeko administrazioak "aldebakartasunez" hartu dituela erabakiak, eta azterketa "baldintza duinetan" egin dadila galdegiteko. Ostiralean Gasteizen eta Iruñean elkarretaratzeak deitu dituzte.
Ostegun eguerdian egindako agerraldian, hezkuntza arloko hainbat eragilek (Gora Ikasleon Borroka, LAB, Steilas, FeSP UGT, Sortzen, Ikastolen Elkartea eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma) selektibitatea dela-eta EAEko zein Nafarroako hezkuntza sailek hartu dituzten erabakien inguruan euren iritzia plazaratu dute.
Eragileek kaleratutako Selektibitatea baldintza duinetan manifestuan diote "ezjakintasun eta informazio falta" izan direla nagusi koronabirusaren krisia hasi zenetik hezkuntza arloan, eta testuinguru horretan kokatu dute unibertsitatera sartzeko frogarekin gertatzen ari dena: "Gaur gaurkoz ere, asko dira aurtengo ikasturtearen eta unibertsitatera sartzeko probaren inguruan dauden zalantzak, egun batetik bestera aldatzen baitituzte hartutako erabakiak", diote.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak duela aste batzuk iragarri zuen froga uztailean izango zela EAEn; Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, ekainaren azkeneko astean egingo duela azaldu du. Aste gutxi falta badira ere, hezkuntza eragileen hitzetan "milaka ikasle zalantzaz lepo" daude oraindik.
"Aldebakartasunez" jokatzea leporatu diote administrazioari eta euren esanetan erabakiak hala hartzeak erakusten du "ez dutela hezkuntza komunitatearekin zubiak eraikitzeko inolako intentziorik". Zentzu horretan, euren ahotsa entzun dadila aldarrikatu dute, hezkuntza sistema eusten duten "oinarria" beraiek direlako.
Eskaera zehatzak: segurtasuna eta aukera berdintasuna
Hainbat eskaera zehaztu dituzte manifestuan: froga modu seguruan egin ahal izatea eta garraio zerbitzu egokia eskaintzea; segurtasun distantziak mantendu ahal izatea eta beharrezko materialak, prozedurak eta desinfekzioak ahalbidetzea; hirugarren ebaluaketan landutakoa azterketan ez sartzea; ariketetan aukeraketa malgua bermatzea; eta azterketen zaintza eta zuzenketetarako irizpideak denboraz zehaztea.
Nolanahi ere, azterketa bera egitea "lekuz kanpo" dagoela iritzi dute, Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean curriculumaren edukiak ezin izan direlako behar bezala landu eta eskola telematikoek ikasleen artean desberdintasunak sortu dituztelako.
Iragarri dutenez, herrietan hezkuntza komunitatearen "mahai propioak" sortuko dituzte euren aldarrikapenak egin eta lantzeko. Era berean, dinamikari jarraipena emateko ostiral honetan elkarretaratzeak deitu dituzte 11:30ean Gasteizen eta Iruñean.