argia.eus
INPRIMATU
Jon Patxi Arratibel, 04/2014 sumarioan auziperatua:
“Sekulako astakeria da torturapeko deklarazioak epaiketa batean erabiltzea”
  • Madrilen ostegun honetan epaitzen ari diren bost gazteetatik bat da Jon Patxi Arratibel, torturak salatzeko bere polizi deklarazioa aztnugal –laguntza– hitza erabiliz sinatu zuena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko apirilaren 14a
Ezkerretik eskuinera, Gorka Zabala, Iñigo González, Jon Patxi Arratibel, Gorka Mayo eta Iker Moreno (Arg.: Aztnugal.org) Ezkerretik eskuinera, Gorka Zabala, Iñigo González, Jon Patxi Arratibel, Gorka Mayo eta Iker Moreno (Arg.: Aztnugal.org)

Madril, asteazken arratsaldea da eta urduritasuna baretzea ez da samurra hurrengo goizean zortzi urteko kartzela eta 12 urteko inhabilitazioa eskatzen duen epaiketari aurre egin behar zaionean. “Dena da ETA” mailu, Concepción Espejel epaile kontserbadorearen begiradapean eseriko dira Auzitegi Nazionalean Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Iker Moreno eta Gorka Zabala.

2011n atxilotu zituzten Ekineko kide izatea leporatuta. Mayok ezik beste laurek Guardia Zibilaren torturak salatu zituzten. 2015ean Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu zuen Arratibelen tortura salaketak ez ikertzeagatik. Arratibelek aztnugal hitza –laguntza alderantziz– erabili zuen bere polizia deklarazioa sinatzeko.

Epaiketari ekiteko orduak falta direla. Nola zaudete?

Bakoitzak bere erara darama hau, batzuk besteak baino urduriago… baina elkarri lagunduz saiatuko gara ahalik eta lasaien oheratzen.

Hau 04/2014 sumarioa da, baina Aztnugal auzi gisa ezagutzen da. Aztnugal torturaren aurkako sinbolo bihurtu da jada. Idatzi zenuenean nekez pentsatuko zenuen halako ibilbidea izango zuenik.

Ez, ezta pentsatu ere! Egoera tamalgarri baten ikur bihurtu da eta erreferente ere bai,  horregatik askotan aurpegia ematea dagokit eta hori zama egiten zait. Baina sinboloak ere behar dira eta, alde horretatik, ongi etorria. Paper haiek indargabetzeko, nik argi utzi nahi nuen nire autoinkulpazio paperetan laguntza eskatzen ari nintzela. Nire abizena Arratibel da eta, beraz, behar nuen zerbait a-rekin hasi eta l-rekin bukatuko zena. Mila buelta eman ondoren laguntza-aztnugal erabiltzea etorri zitzaidan burura eta bost milioi aldiz letrak alderantziz ikasi ondoren, lortu nuen bost paperetan hala sinatzea. Orain, gure epaiketari aurre egiteko tresna bat izango da aztnugal.

Estrasburgoko ebazpen hori egonda ere, zuen torturapeko deklarazioa izango da ahozko auziaren froga nagusia.

Bai. Bost auzipetuetatik bakarrak ez du polizia deklaraziorik, tortura salaketarik aurkeztu ez zuenak. Gure abokatuek tortura jarriko dute mahaiaren gainean, gure deklarazioetan ere ahalik eta ondoen saiatuko gara azaltzen zer egin ziguten, azken finean sekulako astakeria baita torturapeko deklarazioak epaiketa batean erabili nahi izatea.

Hainbat epaiketetan epaileek ez dituzte ontzat eman deklarazio judizialak, eta absoluzioak eman dira azken urteetan. Halakoren esperantzarik baduzue?

Oso oker ez banago, hori oso lotua dago epaitzen zaituen salarekin. Gurea Bigarren Sala da, gurekiko Auzitegi Nazionaleko oldarkorrena omen dena. Concepción Espejel da epaimahai burua eta ez dut uste halako erabakirik hartuko duenik. Orain arte behintzat ez du hartu. Hala ere, batek daki zer gerta litekeen. Zorionez epaile batzuk ohartzen ari dira sekulako astakeria dela torturan oinarritutako deklarazioak frogatzat hartzea eta hori garrantzitsua da. Hala ere, hori ez da Auzitegi Nazionalaren irizpide bat, bestela denek egingo zuketen, eta ez dute egiten.

Epaiketa honi arreta handiz begiratuko zaio, Segurako Auzia duelako aurrekari eta hartan akordioz ebatzi zelako epaia. Gerta liteke halakorik?

Jende askok galdetzen digu hori. Gogoak ere badira halako baterako, inork ez duelako kartzelara joan nahi. Abokatuak esan zigun egon litekeela halako aukerarik, baina espetxera joateko aukera ere hor dagoela. Oraingoz ez dugu inongo berririk.

Estrasburgoko Auzitegiak zure tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainia zigortu ondoren. Nola dago orain zure kasua?

Abokatuak bi helegite jarri ditu torturak ikertu behar zituen Iruñeko auzitegiaren aurrean, baina atzera bota dizkiote biak. Beraz, hor bideak agortuta, egunotan Konstituzio Auzitegiaren aurrean jarriko da helegitea.

 

 

 

Jon Patxi Arratibelek "aztnugal" hitza idatzi zuen torturen aurrean laguntza eskatzeko.