argia.eus
INPRIMATU
Gorka Agirre, Teknikariok sindikatuko bozeramailea
“Sektorea profesionalizatu gabe dago, lan hitzarmena falta da”
  • Pandemiaren ostean ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen egoerak okerrera egin zuela ikusita, ekainaren 23an Teknikariok sindikatua sortu zuten sektoreko langileek. Abuztuaren 8an Donostian egindako elkarretaratzean beharginen egoera prekarioa salatu dute, eta erakunde publikoei negoziazio-mahaia sortzeko egin zieten eskakizunaren erantzunen zain daudela adierazi dute.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm Irutxuloko Hitza @irutxulo 2020ko abuztuaren 10
Gorka Agirre Teknikariok sindikatuko bozeramailea. Argazkia: Iñaut Gonzalez de Matauko Rada, Irutxuloko Hitza.

Zer dela eta egin duzue protesta?

Guretzat egun berezia izan beharko luke gaurkoak, egoera normalean Aste Nagusia hasiko litzatekeelako eta hemen gauden guztiak lanean egongo ginatekeelako. Egoera, ordea, oso ezberdina da, eta ia denok lanik gabe gaude.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Langileon gehiengoa laguntzarik gabe gaude. Teknikari autonomoei, adibidez, jardunaldi-etenaldia dela eta laguntzen luzapena eskatzea ekidin zaie. Bestalde, ez dakigu noiz hasiko garen lanean, eta beldur gara, guk nolabaiteko alarma-egoeran jarraitzen baitugu. Irailaren 30ean aldi baterako lan erregulazio txostenek ematen dituzten diru laguntzak amaituko zaizkigu, eta hortik aurrera ez dakigu zer gertatuko den gurekin.

Egoera ezberdinean dauden langileak daude?

Bai; batzuk langabezian daude, baina pertsona batzuek behin-behineko kontratuen bidez lan egiten zutenez, horietako asko laguntzarik gabe geratu dira, pandemia garaian ez baitira kontuan hartu aldizkotasunez aritzen diren pertsonak. Langile asko soldata edo laguntzarik gabe dago, eta beste batzuek 400 edo 600 euro bakarrik jasotzen dituzte, eta horiek ez dira bizitza duina edukitzeko baldintzak.

 

 

 

Sindikatuko kideen protesta Donostian abuztuaren 8an. Argazkia: Teknikariok

 

 

 

Zein uste duzue dela irtenbidea?

Negoziazio-mahai baten sorrera eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta udaletxe ezberdinei, Donostiakoa tartean, egoera honi buruz hitz egiteko eta irtenbide bat adosteko.

Zein izan da erakunde publikoen erantzuna?

Eusko Jaurlaritzak esan zigun negoziaziorako sarean duten plataforma bat erabiltzeko, baina irailera arte geratuta egongo da. Hori dela eta, ezin dizkiogu Eusko Jaurlaritzari gure aldarrikapenak modu egokian helarazi.

Nola sortu zenuten sektoreko sindikatua?

Lan mota oso ezberdinak egiten ditugun pertsonak gaude: garraioa; soinu, bideo eta argiztapen teknikariak; jostunak eta zamalariak, besteak beste. Ikusten dugu 2020an gure lan sektorea ez dagoela profesionalizatuta eta lan hitzarmena falta dela, eta horrek lana ezegonkorra eta prekarioa izatea eragiten du; lanaldi luzeak eta aldizkotasuna, esaterako.

Gure sindikatua sortu ostean eta egin ditugun ekintza publikoen harira betiko sindikatuak gerturatu zaizkigu, baina egia da azken urte hauetan ez digutela gehiegi lagundu gure lan baldintzak hobetzeko; horregatik sortu genuen sindikatu propioa.