argia.eus
INPRIMATU
Sektore publikoan hirugarren greba eguna deitu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, “borondate politikorik ez dagoela” salatzeko
  • Hirugarrenez hilabete gutxitan grebara joko dute sektore publikoko langileek lan baldintzak negoziatzeko "borondate politikorik ez dagoela" salatzeko. Martxoaren 12rako deitu dute lanuztea ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek. Oraingoan Satse sindikatua ez da batu deialdira.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko otsailaren 14a
Sindikatu deitzaileek langile publikoen %80 ordezkatzen dute. Argazkia: LAB Bilbo

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan dagoen behin-behinekotasuna eta erosahalmen galeraren aurrean borrokan ari dira langile publikoak, eta hirugarren greba eguna egingo dute martxoaren 12an, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek deituta –EAEko langile publikoen %80 ordezkatzen dute–. Osasungintza sektoreko Satse sindikatuak ez du deialdia babestu.

Deitzaileek azaldu dute ez foru aldundiek ezta Eusko Jaurlaritzak ere, ez dutela lan baldintzak negoziatzeko "borondate politikorik" erakutsi, eta hain justu diote horri loturiko auziak direla euren eskaerak, besteak beste "soldatak eta enplegua hemen erabakitzea".

"Madrilgo betoak baliogabetzea lortzeko", greban "masiboki" parte hartzeko eskatu diete sindikatuek langile publikoei

Horregatik, "Madrilgo betoak baliogabetzea lortzeko", langileei greban "masiboki" parte hartzeko eskatu diete sindikatuek, deialdia publiko egiteko asteartean egindako agerraldian.

Salatu dute behin behinekotasuna EAEko sektore publikoan inoiz baino altuagoa dela, %44koa zehazki, eta azken bi urteetan erosahalmen galera %8koa izan dela.

Hala, hainbat aldarrikapen jarri dituzte mahai gainean: %10eko soldata igoera; pribatizazioei atea ixtea; enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzea; lan kargak arintzea; politika feministatak martxan jartzea eta berdintasunerako plan "erreal eta eraginkorrak" adostea; administrazioa euskalduntzea; eta lan astea 32 ordura murrizteko norabidea ipintzea.

Eusko Jaurlaritza: "Ez dago arrazoirik"

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, adierazi du ez duela greba deitzeko "arrazoirik" ikusten. Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak esan du azken mahai sektorialean "hobekuntzak" proposatu zituztela "negoziatzen hasteko", baina sindikatuek ez zituztela onartu.

Datu eta erabaki batzuen berri ere eman du Garamendik, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan: EAEko langile publikoen 2023ko ordainsariak %0,5 igoko dituzte atzeraeragintasunez. Horrez gain, azaldu du enplegu publikoko "1.600 plaza baino gehiago esleitu aurreko uneetan" dagoela administrazioa.