argia.eus
INPRIMATU
Sektore publikoan greba: 150.000 langile kalera ateratzera deitu dituzte sindikatuek
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan greba eguna da gaurkoa, ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek deituta. Goizaldean abiatu dira lehen zutabeak eta manifestazioa handienak eguerdian egingo dituzte hiriburuetan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko urriaren 25

Bi greba egun deitu dituzte ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan, urriaren 25ean eta abenduaren 19an. Asteazken honetan da lehen lanuztea eta 150.000 lagun daude horretara deituta. Ikastetxeetan, osasungintzan, administrazioan, garraioan eta orokorrean zerbitzu publikoetan eragin nabarmena izango duela espero da.

Gutxieneko "gehiegizko" zerbitzuak

Sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak jarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla. Hala, langile askok lanera joan beharko du Jaurlaritzaren agindu hori betetzeko, esaterako, Osakidetzako EAGen gutxieneko zeritzuak %100 dira.

"Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena den une honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan"

"Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena den une honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan", kexu dira lanuztearen deitzaileak.

Nolanahi ere, milaka lagun kalera ateratzea espero da zerbitzu publikoek jasandako "narriadura" salatzera. Grebaren arrazoien artean galdutako %20ko erosteko ahalmena berreskuratzea, behin behinekotasuna murriztea, plantillak berritzea, lanaldi partzialekin eta soldata arrakalarekin amaitzea edo azpikontratazioak duintzea daude, besteak beste.

Urkullu eta "populistak"

Eusko Jaurlaritzako sailburu eta arduradunek gogor kritikatu dute greba deialdia, esanez "ondo bizi" garela EAEko herritarrok eta arrazoirik ez dagoela halako mobilizazio baterako. Iñigo Urkulluk "populistak" izatea egotzi die sindikatuei, Vocento taldeko egunkarietan gaztelaniaz eta, ondoren, Noticias taldekoetan euskaraz argitaraturiko gutun batean.

Iñigo Urkulluk "populistak" izatea egotzi die sindikatuei, Vocento taldeko egunkarietan gaztelaniaz eta, ondoren, Noticias taldekoetan euskaraz argitaraturiko gutun batean

Lehendakariaren hitzek berehalako erantzun erauntsia ekarri dute. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren aburuz, adibidez, "patronalaren diskurtso erreakzionarioena" ari dira haizatzen eta Urkullu "herri honen errealitatetik deskonektaturik" dago. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak berriz "burbuila batean eta herritarren kezketatik urrun" ikusten du lehendakaria.

Mobilizazioak hiriburuetan

Lehenengo mobilizazio eta zutabeak goizean goizetik hasi dira. Gasteizen Lakuaraino joango da zutabeetako bat. Manifestazio jendetsuenak eguerdian espero dira hiriburuetan 11:30ean. Bilbon Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik abiatuta, Gasteizen Eusko Legebiltzarretik eta Donostian Bulebarretik.