argia.eus
INPRIMATU
EAEko Sektore publikoan bigarren greba eguna
“Jarraipen zabala” zerbitzu publikoen greban, sindikatuen esanetan
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan bigarren greba eguna da gaurkoa, urriaren 25ekoaz geroztik. ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek sektore publikoko 150.000 langile deitu dituzte kalera ateratzera, eta eguerdiko manifestazioetan 27.000 langile inguru batu direla azpimarratu dute. Aurrekontuei begira, zerbitzu publikoak, soldatak eta enplegua hemen adosteko eskatu dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 19a
Gasteziko manifestazioko irudi bat. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan egin dituzte manifestazio nagusiak, eta 27.000 langile elkartu dira, sindikatuen arabera. / Argazkia: LAB sindikatua.

Zerbitzu publikoak indartzeko, Soldata eta enplegua hemen adostu lelopean, sindikatuek 150.000 langile deitu dituzte kaleak hartzera eta oro har, sektore publikoaren soldatak eta beharrak EAEn negoziatzera. Mobilizazio jendetsuenak eguerdian izan dira, 11:30ean, hiriburuetan. Sindikatuen esanetan, 27.000 bat langile irten dira zerbitzu publikoen gainbehera salatzera. Helburu gisa jarri dituzte galdutako erosahalmena bermatzea, behin-behinekotasun tasa %40tik %8ra jaistea, pribatizazioari amaiera ematea eta “egiazko euskalduntzea” bermatzeko planak garatzea.

Urriko grebari eta mobilizazioei esker "aurrerapauso txikiak" eman direla aitortu dute sindikatuek, baina bi eskaera nagusi galdegin dizkiete "euskal alderdi politikoei": abenduaren 21ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako bozkatuko diren aurrekontuetan langileen aldarrikapenak lehenestea, "Madrilen gaur ez baitago aurrekontuetan inposatutako inolako mugarik"; eta Madrilen negoziatuko diren aurrekontuetan euren "bozkak baliatzea ez dadin betorik jarri" zerbitzu publikoak, enplegua eta soldatak Euskal Herrian adosteko.

Goizean goizetik hasi dira langileak lantokietan pikete informatiboak egiten, eta sindikatuek egindako adierazpenen arabera, ikastetxeetan, osasungintzan, administrazioan, garraioan eta orokorrean zerbitzu publikoetan erantzun “oso zabala” izaten ari da: komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, “greba ia erabatekoa” izaten ari da lehen orduotan; hezkuntza publiko ez unibertsitario zein unibertsitarioan ere “grebak jarraipen oso zabala izango duela dirudi”; eta udal eta foru esparruetan sindikatuek “aurreikusitako datuak berresten” ari dira. Gaineratu dutenez, Osakidetzan gutxieneko zerbitzuek baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Zentzu horretan, milaka langileri “greba eskubidea ukatu” izana salatu dute, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak baitira.

Gutxieneko zerbitzuak

  • Garraioa. Ohiko zerbitzuen %30.
  • Osasuna eta zaintza. Lehen mailako arretan, larunbatetan bezala, %100 larrialdietan, eta %50 telefono bidezko arretan. Egoitzetan eta eguneko zentroetan, berriz, %50; eta gaueko txandetan, %100.
  • Hezkuntza. Ikastetxeak ireki beharko dira, eta gutxienez zuzendari bat eta irakasle bat egongo dira.
  • Besteak. Jaiegunetan bezala.