argia.eus
INPRIMATU
Sektore publikoan behin-behinekotasuna desterratu
  • Euskal sektore publikoko hamar enplegutik lau aldi baterakoak dira, batez ere hezkuntzan eta osasungintzan. Sindikatuak mobilizazioekin hastear dira, kontratu-ezegonkortasunarekin amaitzeko.

Juan Mari Arregi 2021eko urtarrilaren 14a
Osasungintzako langileak dira behin behinekotasuna jasaten ari diren sektore nagusietako bat. Irudian, mobilizazioa Gurutzetako ospitalean (arg.. Gedar)

Hego Euskal Herriko sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun handiaren aurkako mobilizazioekin hastear dira sindikatuak. Espainiako Estatu osoan dagoen egoeraren oso antzekoa da. Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren datu ofizialen arabera, gaur egun Espainiako Estatuan bi milioi eta erdi pertsona baino gehiagok (2.598.481) osatzen dute administrazio publikoetako langileen kolektiboa. Plantillen zahartzea eta langile askoren kontratu-ezegonkortasuna dira konpondu beharreko arazoak.

Hego Euskal Herrian kolektibo horrek 155.749 langile ditu (117.615 EAEn eta 38.134 Nafarroan). EAEn bakarrik –ez dugu Nafarroako daturik– 50.000 langile inguru daude sektore publikoan lan-kontratu finkorik gabe urte luzez lan egiten dutenak, nahiz eta haien lana egiturazkoa izan. Euskal sektore publikoko hamar enplegutik lau aldi baterakoak dira, batez ere hezkuntzan eta osasungintzan.

Estatuak, gobernuek eta administrazio publikoek, ez dute inolako justifikaziorik behin-behinekotasun politika horri eusteko, enpresa pribatuentzako enplegu duin eta egonkorraren eredu izan beharko luketenean. Premiazkoa da indar sindikalak, sozialak eta politikoak elkartzea, egoera horri aurre egiteko, etengabeko mobilizazio handi bat izan dadin, sektore horretako langileen eskubideak errespeta daitezen. Horiek errespetatzea oso erraza da gainera: aldi baterako enpleguak egonkor bihurtuz oraintxe bertan.