argia.eus
INPRIMATU
Zaintza sektoreetako greba deialdiak datozen egunetarako
  • Otsailaren 23 eta 24an eskola jangelako eta garraioetako grebak deitu ditu EAEn, ELA sindikatuak. Otsailaren 25ean eta martxoarean 30ean grebak deitu dituzte sindikatu nagusiek Gipuzkoako zahar egoitzetan eta martxoaren 4rako zaintza sektoreko greba deitu dute sindikatu hauek.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 23a
Argazkia: LAB

Otsailaren 23rako eta 24rako EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta itunpekoetako jantokietan eta eskola-garraioan bi greba egun deitu ditu ELAk. Neurri eta erabakiak hartzerako garaian Hezkuntza Sailak inposaketa- eta aldebakarreko-jarrera izan duela salatu du sindikatuak, familiek zein hezkuntza-komunitateko langileek, zerbitzuak barne, negoziazioa-eskaera egin dutela gogoraraziz. 

Neurri eta protokolo zehatzik ez dutela adierazi dute langileek, eskola ordutegirako hartutako erabakiek ez dutelako eraginik jantokiko edo autobuseko ordutegietan "eta horrek, zerbitzuen segurtasunari eta kalitateari zuzenean eragiten dio, bai eta langileen zein erabiltzaileen osasunerako eskubideari ere". ELAk zerbitzu horien aldeko benetako apustua eskatu dio Hezkuntza Sailari, bai eta osasuna, segurtasuna, kalitatea eta enpleguari eustea bermatuko duten neurri eta protokolo negoziatuak ere. "Jantokiak eta eskola-garraioa arautzen dituzten egungo arauak berrikustea eskatzen dugu, bai eta arau horiek itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatuetan aplikatu behar izatea ere" adierazi du.

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen greba

Gipuzkoako zahar egoitzetan otsailaren 25ean eta martxoaren 30ean grebak deitu dituzte LAB, ELA, CCOO eta UGT-k langile gehiago eskatzeko, prekarietatea desagerrarazteko eta langileen erreparazio emozionala lortzeko. Egunotan eztabaidatzen ari dira Gipuzkoako Aurrekontua eta ELA sindikatuak adierazi duenez, "Aldundiak propaganda instituzionalarekin jarraitzen du, baina egoitza askotan ez dira bajak eta lizentziak betetzen ari". “Pandemiagatik lana berrantolatzearekin batera, gerokultoreek erabiltzaileei eman diezaieketen denbora are txikiagoa da, eta ez da nahikoa kalitatezko arreta bermatzeko,” azaldu du. "Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da eta hau lortzeko sektoreko alde guztiek parte hartzea ezinbestekoa da", adierazi du LABek. 

Zaintza eta gizarte zerbitzuak

Urtarrilaren 26an zaintza sektorean beste zaintza eredu baten alde egin zuten greba LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuek deituta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin ziren mobilizazio nagusiak, besteak beste, zaintza sistema "publikoa, duina, doakoa, kalitatezkoa, unibertsala eta administrazio publikoek zuzenean kudeatutakoa" izatea eskatuz. Bigarren greba eguna egingo dute martxoaren 4an, eta berriz ere baldintza eskasak direla eta ondorioz zerbitzuak ere hala direla salatuko dute, sektorea publiko egitea aldarrikatuz.