argia.eus
INPRIMATU
Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko bideari ekin diote berriz ere Espainiako Kongresuan
  • Egungo Espainiako Gobernua osatzea ahalbidetu zuten alderdi gehienek onartu dute EAJk hirugarrenez aurkezturiko proposamena Espainiako Kongresuan, baina zalantzak daude hemendik aurrera PSOEk hartuko duen jarreraren inguruan, beste aldietan sozialistek ez baitute urrats gehiago egin legea aldatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko otsailaren 28a
Besteak beste, lege horrek ezkutuan manetentzen ditua 1978ko Sanferminetako gertaerei buruzko estatuaren dokumentuak.

Espainiako Sekretu Ofizialen Legea 1968koa da, erregimen frankistak egina. Besteak beste, horren bidez ezkutuan mantentzen dira 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saiakerako dokumentuak, baita beste hainbat kasuri buruzkoak ere, hala nola 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko langileen sarraskia, 1978ko Sanferminetako polizien erasoaldia, eta Naparra, Mikel Zabalza eta Pertur-ren desagerpenei buruzkoak.

EAJk aurkeztutako proposamen batek lege hori aldatzea ekar dezake, horretarako tramitera onartu da Espainiako Kongresuan, hainbat alderdiren babesarekin, Pedro Sáchezen inbestidura ahalbidetu zuten gehienak hain zuzen. PSOEk ere alde bozkatu du, baina zalantza handiak daude hemendik aurrera zer egingo ote duen. Halako proposamenak egin diren beste aldietan ez baitu urrats gehiego egin lege aldaketa aurrera ateratzeko.

2016an aurkeztu zuen lehen aldiz EAJk Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena, gero 2020an gauza bera egin zuen, baina sekula ez du aurrera egin, azkenean sozialistek blokeatu egin dutelako proposamena.

Bestalde, duela bi urte Espainiako Gobernuko Presidentzia ministro Felix Bolañosen ekimenez Informazio Klasifikatuaren Legea aurrera ateratzeko prozesua abiatu zuten Kongresuan, 1968ko legea ordezkatzeko eta Pegasus auzia ikertzeko, baina hauteskunde orokorrak tarteko ezerezean geratu zen hori ere.

Mikel Legarda jeltzaleak orain Madrilen aurkezturiko proposamenak gehienez ere 25 urtera mugatzen du dokumentu batzuk sekretu bezala sailkatu edo klasifikaturik daudenean ezkutuan mantentzeko aukera, epe hori beste hamar urtez luzatu daitekeen arren: "[Aldaketa proposamena] berriro aurkezten dugu Gobernuak gai hau hiltzen uzteko tentaziorik izan ez dezan", azaldu du EAJko kideak.

PSOEk azaldu du ez dela "erraza" orekak mantentzea "Estatu segurtasun eta defentsa arrazoiengatik klasifikaturik egon behar den informazioaren eta herritarren informazio eta gardentasun eskubidearen artean". Baina legegintzaldi honetan araudi berri bat "errealitate" izan dadin lan egingo dutela hitz eman du.

Legea aldatzeko proposamenaren alde egin dute PSOEk, Sumarrek, baita parlamentuko beren bazkideek ere: Esquerra Republicana, Podemos, EAJ, BNG, Junts eta  EH Bildu. Koalizio abertzaleko parlamentari Jon Iñarrituren esanetan, "dena esanda" dago lege frankista horren inguruan: "Iluna da, frankista, ez du bermerik ematen, herritarrei ukatzen die informaziorako eskubidea, ez da gardena eta zigorgabetasuna ahalbidetzen du".

EH Bilduko kidearen ustez, blokeoa dator "Trantsizio baketsu eta eredugarriaren mitoa" ukitzen duelako Sekretu Ofizialen Legea aldatzeak. Horregatik lehenbailehen ponentzia bat martxan jartzea eskatu du, beste herrialdeekiko "homologarria" den lege bat izan dadin.