argia.eus
INPRIMATU
Seigarren barrutian: Peio Dufau Fronte Herritar Berriko hautagai abertzalea garaile
  • Peio Dufau abertzaleak lehen itzuliko postuari eutsi dio eta Fronte Herritar Berriko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak seigarren barrutian, botoen %37,51 lortuta. Gertu izan du Christian Devèze macronista, botoen %33,62 eskuratuta, eta atzerago geratu da Victor Lastécouères Batasun Nazionaleko hautagaia.

ARGIA @argia 2024ko uztailaren 07a
Peio Dufau izan da bigarren itzuliko garailea, guztira 18.409 boto lortuta. Argazkia: Euskal Irratiak

Lapurdiren zati handiena hartzen du seigarren barrutiak. Lehen itzulitik, lehia estua aurreikusten zen, aintzat hartuta Peio Dufau hautagaiak botoen %29,42 lortu zituela eta 1.844 boto eskasera zuela Devèze, %26,92 eskuratuta. Eskuin muturrak ere lortu zuen bigarren itzulira igarotzea, hirugarren postuan: Lastécouères Batasun Nazionaleko hautagaiak botoen %25,29 bereganatu zituen eta eskuineko botoa bien artean zatitzea ekarri du horrek.

Bigarren itzulira pasatzea lortu ez duten hautagaiek ere, aurreko egunetan, bozkatzera animatu dituzte bere jarraitzaileak, alderdi bat edo bestearen alde eginda. Lehenengo itzulian laugarren geratu zen Emmanuelle Brisson Errepublikanoak alderdiko hautagaiak, esaterako, Devèzen aldeko mezua pasa du, eta 8.546 boto lortu zituen Brissonek, lehen itzulian. EAJko Jean Telletxeak berriz, Dufauren alde egin du, eta gogoan hartu behar dugu Telletxeak 3.712 boto eskuratu zituela pasa den martxoaren 30ean.

Kontuak kontu, Dufau izan da garaile, guztira 18.409 boto lortuta. Ensemble alderdiko Devèzek 16.501 boto izan ditu eta eskuin muturrak ere boto ugari jaso ditu seigarren barrutian, bigarren itzuli honetan: 14.170.

2022an, Ensemble garaile

Kolorez aldatu da seigarren barrutia. Izan ere, Frantziako legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan, 2022an, Vincent Bru diputatuak aise irabazi zituen hauteskundeak, Ensemble alderdiarekin: botoen %60,21 eskuratu zituen (guztira 27.994 boto). Aurten ageri ez den alderdiak lortu zuen bigarren postua, Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria koalizio ezkertiarrak, Tom Dubois-robin buru zuela. Botoen %39,79 izan ziren beretzat (guztira 18.497 boto).

[[hauteskundeak barrutiak estua 2024 U7 frantziako-legegileak sei]]