Hurrengo ikasturtean ere maskara ikasgeletan derrigorrezkoa izango da, Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro Isabel Celaá bilbotarraren ustez. Bere hitzetan, disziplina oso eraginkorra izan da birusa eskoletatik kanpo uzteko, eta Espainiako Estatuan hartutako neurri-multzoa "Europa eta munduaren aurrean eredugarria" izan da.
Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean, Isabel Celaá Espainiako Hezkuntza ministroak adierazi du 6 urtetik gorako ikasleek maskara erabiltzen jarraitu beharko dutela datorren ikasturtean. Ikasgeletan Espainiako Gobernuak ezarri dituen neurri guztietatik bi nabarmendu ditu. Alde batetik, maskara. Celaáren hitzetan, ikasturte osoa "amigdalitisik eta bronkiolitisik gabe igarotzea" ahalbidetu dute maskarek, "sinestezina izan da". Eta bestetik, aireztapen naturala azpimarratu du. Ministroak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak neurri horiek bere horretan uzteko asmoa du hurrengo ikasturtean. Neurri horiei eta beste batzuei esker –adibidez, derrigorrezko mahaien arteko distantzia 1,5 metrotik 1,2 metrora murriztea– presentzialtasuna ahalbidetu dela dio, eta horrela, "zentro guztiak irekita izan ditugu, lauzpabost izan ezik".
Celaák azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ikastetxeetan ezarri duen neurrien plana "eredugarria da Europa eta munduaren aurrean, osasun neurriekiko diziplinaren menpe egotea oinarri duena". Irailean, eta txertaketaren abiadurari esker, egoera orokorra hobea izango dela adierazi du eta, beraz, neurriak ere egokitu egin beharko direla, baina "maskara ez da nik kenduko nukeena, 6 urteko haurrak maskararekin heroi sentitu dira, pandemiaren aurkako borrokarekiko eta osasunari eta herrialdeari laguntzeko lanarekiko arduraz. Aparta izan da ", azpimarratu du.
12 eta 16 urte bitarteko ikasleei irailean txertoa jartzeko lanean ari dela ziurtatu du Celaák.