Ustelkeria kasuak argira ekarri izanagatik ezaguna da José Rubén Zamora. Siglo Veintiuno, El Periodico eta Nuestro Diario komunikabideen sortzailea da. Iazko uztailean sartu zuten preso, Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta bost egunetara.
Sei urteko kartzela-zigorra eta 300.000 ketzaleko (38.300 dolar) isuna ezarri diote José Rubén Zamora ikerketa kazetari guatemalarrari, diru zuriketa leporaturik. 40 urteko kartzela zigorra eskatzen zituen fiskaltzak, diru zuriketaz gain influentzia trafikoa ere leporaturik. Zigorgabetasunaren aurkako Fiskaltza Bereziko buruak helegitea jarriko duela jakitera eman du, berriz ere 40 urteko kartzela-zigorra galdatzeko. Kazetariak ere helegitea jarriko du eta afera Amerikarteko Giza Eskubideen Auzitegira eramanen duela jakitera eman du. Maiatzaren 14an eman dute sententzia, Guatemalako presidentetzarako hauteskundeetarako hamar egun eskas direla.
Defentsaren eskubideak errespetatu ez izana salatu dute kazetariaren abokatuek, besteak beste, bere aldeko lekuko guziak ez direlako entzunak izan. "Nire eskubide guziak urratu dizkidate, baina espero dut askatasuna berreskuratzea, fiskaltzak ezin izan duelako ezer frogatu", zioen Zamorak epaia jakin aitzineko istanteetan. Oro har defentsa eskubidea bera diote zangopilatu: bederatzi abokatu hartu zituen, baina horietarik lau dituzte preso sarturik, eta beste bik herritik ihes egin behar izan dute.
El Periodico sortu zuen 1996an. Aurtengo maiatzaren 15ean itxi behar izan dute, "Estatuak suntsiturik", Zamorak berak kartzelatik adierazi bezala
Bere senide hurbilek ere Guatemalatik ihes egin behar izan dute, bizia mehatxaturik dutelako.
Prentsa askatasunaren eta kazetaritza independentearen defendatzaile sutsua da Zamora, eta Guatemalan zein nazioarte mailan da ezaguna, hain zuzen, bideraturiko ikerketa kazetaritzarentzat. Sari eta aitortza andana jasotakoa da, besteak beste, 2000. urtean, International Press Institutek XX. mendeko Kazetaritzaren Munduko Berrogeita hamar Heroien artean sartu zuen. 2015ean, Giza eskubideen defentsarako Myrna Mack saria jaso zuen.
Iaztik preso dute kazetaria, justuki Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratzeagatik. Erreportajea plazaratu eta bost egunetara atxilotu zuten, 2022ko uztailaren 29an. Guatemalako Kazetarien Elkartearen aburuz, Giammatteiren gobernua hasi zenetik prentsa askatasunaren aurkako 350 eraso eman dira Guatemalan.
Giammattei Guatemalako presidente denaz geroztik Gobernuari loturiko 144 ustelkeria kasu salatu izan ditu El Periodico-k.
Puntako ikerketa kazetaritza egiten dabilen Siglo Veintiuno komunikabidea sortu zuen 1990ean. Urte luzez, ezkutuan atxikitako errealitateak –ustelkeria kasuak zein giza eskubideen urraketak– azaleratzen aritutakoa da, bere bizia arriskuan jarriz. Mehatxuak eta erasoak jaso izan ditu behin baino gehiagotan, tartean, 1996an atentatu bat eta bahiketak 2008an eta 2013an.
Siglo Veintiuno utzi eta El Periodico sortu zuen 1996an. Aurtengo maiatzaren 15ean itxi behar izan dute, "estatuak suntsiturik", Zamorak berak kartzelatik adierazi bezala. Presondegitik idatzitako editorialean, "askatasunaren, tolerantziaren, kontuak emateko betebeharraren, aniztasun politikoaren, gastu publikoaren kalitatearen, azpiegitura estrategikoetan inbertitzearen, oreka fiskalaren aldeko borroka" gogorarazten du kazetariak, "zatiketaren eta erregresio politikoaren testuingurua" salatuz: Guatemalan "faxismo tiraniko eta anakronikoa" agertu izana, El Periodico "ezinbestean hestera" behartu zuena.
1998an Nuestro Diario komunikabidearen sortzaileen artean egon zen.
Ustelkeria kasuak salatzen dabiltzanen aurkako presioa handia da Guatemalan. Bere gisa, ustelkeriaren aurkako prokuradore Juan Francisco Sandovalek herritik ihes egin behar izan zuen iazko uztailean, bere kargutik kendua izan ondoan. Giammattei presidente denaz geroztik Gobernuari loturiko 144 ustelkeria kasu salatu izan ditu El Periodico-k. Hori horrela, 2022ko uztailaz geroztik preso da Zamora, azkenean, berak dioen gisara "urtez urteko borroka nekaezina [egiteagatik] ustelkeriaren, zigorgabetasunaren, narkotrafikoaren, botere-abusuen, estatu-terrorismoaren eta miseriaren aurka".