argia.eus
INPRIMATU
Sei urteko kartzela zigorra eskatzen diote La Haineko kazetari bati
  • 2014ko martxoaren 29an La Haine hedabideko kazetari bat atxilotu zuen poliziak Madrilen. “Jaque al rey” manifestazioaren jarraipena egiten ari zen. Poliziak jarrera bortitza izan zuen manifestarien eta prentsaren aurka hainbat testigantza grafikotan jasota geratu denez.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko maiatzaren 14a
Poliziak kazetariari eragindako lesioen irudia. (Argazkia: La Haine).

La Hainek azaltzen duenaren arabera, “manifestazioa bertan behera utzi zutenean autoaren bila zihoazen ‘Boro’ izenarekin ezagutzen den kazetaria eta bere lagun bat”. Bidean polizia hainbat jende eta kazetari jotzen ari zela ikusi zuten. Hori ikustera gerturatzean polizia Bororen lagunaren aurka kolpeka hasi zen. Hori eragozteko tartean sartu zen La Haineko kazetaria eta poliziak atxilotu egin zuen, hainbat kolpe emanez.

Hedabidetik jakinarazi dutenez, “kazetariak hainbat aldiz ohartarazi zien poliziei kazetaria zela”. Polizia etxean pasa zuen gaua eta hurrengo goizean karguekin aske utzi zuten.

Fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu du Bororen aurka autoritatearen aurkako atentatua eta lesio delituak egotzita. 6.200 euroko ordaina ere eskatu du. Hedabidetik adierazi dutenez, “poliziek ukabilkada eta ostikoak eman zizkietela salatzen dute bere aurka”.

La Hainek zabaldu duen bideoan ikusi daiteke sekuentzia osoa: