Asteartean hamaika sexu erasoren berri jaso dute Donostiako Piraten gune nagusian jarritako Puntu Morean. Horietako bi bortxaketak izan dira. Egoera larria ikusirik, asteazkeneko egitarau osoa bertan behera uztea erabaki dute piratek, "festetan parte hartzen duen jendearen %50aren segurtasuna eta askatasuna ezin bada bermatu, ez dago festarik". Udalak, jai eremutik kanpo egindako beste bi sexu erasoren berri eman du.
Sei sexu eraso salatu dituzte asteartean Piraten Flamenka guneko Puntu Morean. Sei erasoak Piratek kudeatutako gunean gertatu direla eta "gure artean dabilen jendeak burutu" dituela nabarmendu dute Piratek. "Hasiera batean bi bortxaketa salatu zizkiguten", eta ondoren erasoak bata bestearen segidan jasotzen hasi zirela adierazi dute. Egoerak "gainezka egin" ziela-eta, ez dute horrelako beste egun eta gauarik jasateko "indarrik", horregatik asteazkeneko Piraten egitarau osoa bertan behera uztea erabaki dute. Indarrak hartu eta egoerari aurre egiteko eta festei norabide egokia emateko hausnartu behar dutela adierazi dute.
Ertzaintza, Osakidetza eta Udaltzaingoaren aurkako kritika zorrotza egin dute, sei erasoetako baten kasua adibide hartuta. "Ez daude prest biktimei inolako babesa emateko, ez daukate inongo sentsibilitaterik horrelako gaiak jorratzeko eta horregatik biktima salduta geratzen da, emozionalki eta baliabide materialei dagokienez". Hori dela eta, salaketa jartzeko gogoa edonorri kenduko litzaiokeela azpimarratu dute.
Asteazkenean 19:00etan manifestazioa antolatu dute sexu erasoak salatu eta autodefentsa feminista aldarrikatzeko.
Beste bi eraso matxista
Donostiako Udalak bi emakumeren aurkako sexu eraso baten berri eman du goizean, eta eguerdian elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean. Goizeko seietan gertatu da erasoa, Victoria Eugenia antzokiaren inguruan. Irutxuloko Hitzak jaso duenez, gizon batek ukituak egin dizkio emakume bati. Emakumeak aurre egin eta gizonak eraso egin dio. Eta orduan, inguruan zegoen beste gizon bat ere emakumeari ukituak egiten hasi zaio. Une horretan, beste emakume bat laguntzera joan da, eta berari ere eraso egin diote. Bi gizonak atxilotu egin ditu Poliziak. Bi emakumeak Bengoetxea kaleko Sorospen Etxean artatu dituzte.
Donostiako Piratek zabaldu duten komunikatua osorik:
Gaurko egitarau osoa bertan behera gelditzen da, atzoko egunean zehar salatutako sei erasoren ondorioz. pic.twitter.com/5XZdbHvbwS
— Donostiako Piratak (@izanpirata) August 14, 2019