argia.eus
INPRIMATU
Sei pertsona hil dira atari bakarrean COVID-19arekin Santutxun
  • Ia hiru asteko epean gertatu dira heriotzak, eta beste 33 positibo eman ditu baheketak 60 etxe inguru dituen atarian. Gotzone Sagarduik esan du Osasun Saila azkartasunez mugitu dela eta aztarnari sistemaren eraginkortasuna frogatu dela, bizilagunak erakundeekin haserre mintzatu dira eta atariaren desinfekzioa beren poltsikotik ordaindu dute.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 08a
Santutxuko Haro Plaza. Argazkia: eitb.eus.

Lehen heriotza urtarrilaren 21ean gertatu zen, 85 urteko emakume bat hil zen egun hartan. Azkena astelehen honetakoa izan da, eta tartean beste lau pertsona hil dira Santutxuko (Bilbo, Bizkaia) Haro Plazako 4. zenbakiko bizilagunen artean. Behin fokua identifikatuta Osasun Sailak baheketa egin zuen atarian, eta 33 positibo atzeman dituzte analisiek.

Sagardui kudeaketarekin pozik, bizilagunak haserre

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean hitz egin du gaur gertatuaz. Osasun Sailak “azkartasunez” erantzun duela adierazi du, eta aztarnariak izan zirela atari berean hainbat kasu zeudela identifikatu zutenak, eta horregatik egin zela behaketa. “Aztarnarien sistemak funtzionatzen duela frogatu da berriz ere”. Horrenbeste positiboen zergatia ez dagoela argi oraindik esan du, eta Saila ikertzen ari dela.

Goizean hedabide ugari hurbildu da Santutxuko atarira eta hainbat bizilagunek adierazpenak egin dituzte, naiz-ek jaso duenez. Oro har haserrea eta beldurra helarazi dute. Udaletik edo Eusko Jaurlaritzatik ez dela inor agertu azalpenak edo babesa ematera kritikatu dute. Haietako batzuk foku nagusia igogailuan egon zitekeela adierazi dute (16 pisuko eraikina da). Bizilagunek eurek enpresa bati ordaindu diote, espazio amankomunak desinfektatu ditzan.