argia.eus
INPRIMATU
Sei pertsona deklaratzera deituak, ustez Aroztegiako makroproiektuaren aurkako desobedientzia ekintza gauzatzeagatik
  • Aroztak Herri Ekimenak jakinarazi du sei pertsona epailearen aurretik igaro beharko direla, Aroztegiako makroproiektuaren aurkako protesten harira. Ekimenak babesa helarazi die, eta mobilizazioak deituko dituela iragarri.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 05
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Lekarozko Aroztegiko makroproiektu urbanistikoaren aurka ustez desobedientzia ekintza gauzatzeagatik, sei herritar epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte. Hala jakinarazi du Aroztak Herri Ekimenak ohar bidez, eta beren babesa helarazi diete epaitegitik igaro behar diren lagunei.

"Ez dugu uste onargarria denik horrelako mugimendu baketsuei errepresioarekin erantzutea. Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazten dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, bortxaz epaitegietarat igortzen digute. Bortxa da beraiek ezagutzen duten hizkuntza bakarra", egin dute irakurketa.

Gertakaria ohar bidez gaitzesteaz gain, mobilizazioak ere deituko dituztela aurreratu dute, herritarrei bertaratzeko deia eginez.

Iazko apirilaren 8an hasi ziren Lekarozko herrian luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat egiteko Aroztegiko proiektuaren lanak, Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Herritarrek lanak egin behar zituzten lurretan egindako kanpaldiak 11 egun iraun zituen eta lanak gelditzea lortu zuten.