Azken asteetako eta bereziki azken egunetako kutsatu kopuruari aurre egiteko neurriak gogortuko zituela iragarria zuen Nafarroako Gobernuak, eta gaur eguerdian eman dute horien berri Javier Remirez eta Santos Indurain kontseilariek, eta Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak.
Aurrerantzean, espazio publikoan eta ostatuetan sei pertsona bildu ahal izango dira gehienez –lehen hamar ziren– eta espazio pribatuetan ere hala izan dadila gomendatu dute, salbu eta elkarrekin bizi diren pertsonak baldin badira. 12:00etatik aurrera barran egotea debekatuta egongo da eta bezeroek mahaietan eserita egon beharko dute, barruan ala kanpoan. Azaldu dutenez, kutsatze gehienak familia eremuan eta esparru sozialean gertatzen ari dira eta horiek gehiago kontrolatzeko hartutako neurriak dira.
Beilategi, ehorzketa, ezkontza, ekitaldi erlijioso edo gisa bereko bilkura publikoetako kopuruak %50era murriztu dituzte. Elkarte gastronomiko eta peñak ere itxi egingo dira, salbu eta 500 herritar baino gutxiago bizi diren udalerrietan eta horietan herritarrak biltzeko elkarte bakarra dagoenean.
Halaber, 22:00etatik aurrera ezin izango da alkoholdun edaririk saldu inongo saltokitan, agintariek adierazi dutenez, kale zurrutari gogorrago aurre egiteko.
Zigor neurriak ere gogortu egingo dira: maskara ez eramatea edo gaizki eramatea 300 euroko isunarekin zigortuko dute eta kalean debekatutako zurrutean aritzea 600 eurorekin.