argia.eus
INPRIMATU
Sei milioi euroko hobekuntzak hirirako eta berradiskidetze printzak Iruñeko Udalean
  • Iruñeko Udalak ostegunen ia sei milioi euro onartu zituen hirian hainbat proiektu aurrera ateratzeko edo auzoetan hobekuntzak egiteko. Oraingoan UPN bakarrik geratu da ezezkoan eta gainerako indarrek bat egin zuten Udal Gobernuaren proposamenarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko irailaren 07a
Iruñeko Udal plaza. (Arg.: Iruñeko Udala)

Osoko bilkurak ostegun arratsalde osoa iraun zuen eta konplexua izan zen. Jokoan ziren bost milioi euro hiriko hainbat proiektu eta hobekuntzatan inbertitzeko. Akordioa lortu ezean, Udal Gobernuak ezingo zuen diru hau proiektuetara edo hobekuntzetara bideratu eta udal zorra kitatzera bideratu beharko zuen.

Ekimena korapilatsua zen, besteak beste, honek ekarri zuelako uztailaren 5ean Joseba Asiron alkateak Aranzadi eta Izquierda-Ezkerra (I-E) udal gobernuan ardura gabe uzteko erabakia. Orduan, bi indar hauek ez zuten onartu EH Bilduk eta Geroa Baik egindako inbertsio proposamena eta Asironek argudiatu zuen ezin zela oposizioa egin gobernu barrutik eta, hala egitekotan, hobe zirela ardurarik gabe. Bi indar hauek, beraz, gobernu taldetik kanpo geratu ziren.

Hiriaren aldeko akordioak

Aldaketaren alderdien eta PSNren hamazazpi botoekin atera zen aurrera proposamena; UPNren 10ak aurkakoak izan ziren. Inbertsioak honakoak dira besteak beste: milioi bat euro etxebizitzen birgaikuntzara bideratuko da, 725.000 auzoetan hobekuntzak egitera, beste milioi bat hiriko kale eta bide-zoruak konpontzera eta, besteak beste, milioi erdi euro eskoletan hobekuntzak egitera.

Uztailean hiru proiektuk ekarri zuten liskarra udal gobernura, Aranzadi eta I-Eren ustez inbertsio oso txikiak aurreikusten ziren hauetarako eta horregatik abstenitu ziren. Oraingo akordioen ondoren horrela gelditu dira kopuru hauek: Emakumeen Etxera 150.000 euro (lehen 50.000) bideratuko da, Txantrea auzoa eta Alde Zaharra lotzeko Labriteko bide gorrira 300.000 (lehen 30.000) eta 250.000  Arrosadiako auzo egoitzarako (lehen 130.000).

Diru kopuru hauei gehitu behar zaizkio uztailean onartu ziren beste 900.000 euro. Hiri batean hain beharrezkoak diren antzerako hobekuntza txikietara bideratuko dira.

Traizioak... eta berradiskidetzeak?

UPNren aburuz PSNk traizio egin zion bakarrik utziz eta marra gorriak pasatu zituen EH Bildurekin akordioa egin zuelako. PSNk erantzun zuen onartutakoan ez dagoela proiektu politikorik eta hiriarentzat hobekuntzak direla. I-E eta Aranzadi ere minduta agertu ziren eta azpimarratu zuten ez zutela ulertzen zergatik ez ziren egin uztailean orain egindako akordioak.

Geroa Baiko ordezkariek onartu zuten akatsak izan zirela uztailean, bere ustez ordukoa zela proiektu onena, baina ez zela atera eta orain izan dutela malgutasunik akordioetara iritsi eta inbertsioak aurrera ateratzeko. EH Bilduk onartu du proposamen desberdin bat egin dutela orain eta horrek erakusten duela badutela akordiorako borondatea”.