argia.eus
INPRIMATU
Sei langile baztertu ditu Radio France-k, matxismo kasuak aztertu bitartean
  • Radio Francek martxoan hasi zuen barne ikerketa, Amaia Cazenave kazetariak, besteak beste, Baionako delegazioan salatutako jazarpen kasuak aztertzeko. Momentuz, hamaika pertsona daude susmopean: Baionako egoitzan sei langile baztertu egin dituzte. Cazenavek eta beste hainbat kirol kazetarik dokumental batean salatu zituzten lanean jasandako indarkeria kasuak.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 22a
Radio France irratiaren egoitza Parisen. Argazkia: Asticoco

Marie Portolano gidoilari eta kazetariak eta Guillaume Priou Brut FR hedabideko erredaktore buruak martxoan estreinatu zuten Je ne suis pas une salope, je suis une journaliste (Ez naiz urdanga bat, kazetaria naiz) dokumentala. Bertan, kirol kazetaritzan jarduten duten hainbat emakumek lanean jasandako indarkeria matxista kasuak salatu zituzten.

Dokumetala kaleratu ondoren, Frantziako hainbat hedabidek barne ikerketak abiatu zituzten gertatutakoa aztertzeko. Tartean, Amaia Cazenave France Bleu irrati publikoko langilearen kasua ikertzen ari da Radio France katea. Cazenave rugbyan espezializatutako kirol kazetaria da, besteak beste Baionako delegazioan, eta martxotik salatu izan ditu lankideen partetik jasandako indarkeria matxista kasuak.

Sibyle Veil Radio Franceko zuzendariak hilaren 23an abiatu zuen barne ikerketa; ostiral honetan Baionako irratiko bost kazetari eta animatzaile bat baztertu dituzte lanetik. Irratiak Frantzian dituen beste delegazio batzuetan ere ikerketapean dituzte hainbat kazetari, eta guztira, hamaika langile dira susmopean daudenak.

Kaleratzea behin-behineko erabakia da, eta momentuz, ez zaie zigorrik ezarriko. Bost kazetariek Radio Francek Parisen duen egoitzako zuzendaritza taldearekin banan-banan hitz egin beharko dute irailaren 29tik aurrera. Orduan erabakiko dute zein neurri hartu behar diren. Vincent Giret kateko informaziorako eta kiroletako zuzendariak esan duenez, “akusazioak egia direla frogatzen bada, zigorrak ezarri eta publiko egingo dira”.

Cazenaveren lekukotasuna

FranceInfo hedabideak bildu duenez, martxoan eman zion irrati kateari jasandako matxismo kasuen berri: “Ekintza hauek hain ziren handi nire begietan, papera hartu eta gertatzen ari zitzaidan guztia idazten hasi nintzela, datekin, xehetasun guztiekin eta esaldiekin”. Halere, salatu zuen komunikabideak ez zuela esku-hartu. 

Dokumentalean, kasu horietako hainbat azaldu zituen Cazenavek. Harekin bakarrik zegoenean, kazetari batek “larrutan egin nahi dut” oihukatu zuela kontatu zuen, eta lekuz kanpo zegoen komentarioa eta sexista iruditu zitzaiola, baina hainbat lankiderentzat, gisa horretako jokaerak normalak zirela. Askotan, bere janzkeragatik iraindu zuten Cazenave. Neguan, larruzko galtzak jantzi zituen egun batean, lankide baten umiliazioak jasan behar izan zituen: “Gaur gauean ‘hartu’ egingo duzu”, esan zion kazetarietako batek.