Espainiako Espetxeetako Erakundeak beste sei presoren hurbilketa iragarri du, horietako bi Euskal Herrira. Eskudero lekualdatzen dutenean, Galiziako espetxeak ere euskal preso politiko barik geratu dira.
Galiziako Teixirotik Dueñasera (Palentzia) eramango dute Gregorio Eskudero eta Itsaso Zaldua Salamancako Topasetik Villabonara (Asturias). Beste lau preso Euskal Herriko espetxeetara ekarriko dituzte: Asier Bengoa Darocatik (Zaragoza) eta Igor Martinez de Osaba Zueratik (Zaragoza) Zaballara ekarriko dituzte. Gari Arruarte Soriatik Iruñera eta Ugaitz Perez, Logroñotik Basaurira.
COVID-19aren ondorioak ere gogotik ari dira sufritzen espetxeetan eta Etxerat senideen elkarteak adierazi duenez, bada ordua honek eragindako inkomunikazio egoerarekin amaitzeko. Testuinguru horretan, Marixol Iparragirrek 2019ko irailean Espainiaratu zutenetik bizi duen egoera salatu du. “Egoera hori dituen epaiketa kateari aurre egiteko egin behar dituen etengabeko lekualdatzeengatik eta, ondorioz, egin behar dituen berrogeialdiengatik gertatzen da. Familiak esan duenez, Eskoriatzako presoak bederatzi koarentena baino gehiago jasan ditu urtarriletik hona. Gaur egun, egunean behin bakarrik atera daiteke ziegatik, eta beraz, telefono-dei bat edo dutxaren artean aukeratu behar du”.
Etxeratek dioenez, “premiazkoa da Marixol Iparragirrek bizi duen egoera bezalakoak eta, oro har, komunikazioak berreskuratzeko eragozpenak ezabatzea”.