argia.eus
INPRIMATU
Sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote ertzain bati, atxilotuta zuten emakume bati eraso egiteagatik
  • Erasoa frogatu dute polizia-etxeko bideo-grabazioei esker. Ebazpenaren arabera, agenteak emakumea “gehiegikeria argiz” heldu eta eraso egin zion. 12.400 euro ordaindu beharko dizkio ertzainak emakumeari kalte-moralengatik.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 01

Sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote ertzain bati, 2018an Getxoko (Bizkaia) polizia-etxean atxilotuta zuten emakume bat jotzeagatik. Emakumea agintaritzari desobeditzeagatik atxilotu zuten, ertzainek supermerkatu baten parean gizon bat identifikatzen ari zirela izandako jokabidea kritikatu zuelako, eta polizia-etxera eraman zuten.

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du sei hilabeteko espetxe-zigorraz gain, poliziari kargu-publikorako inhabilitazioa ezarriko zaiola kondena-aldirako, eta 900 euroko isuna. Halaber, biktimari 12.400 euro ordaintzera dago behartuta eragindako kalte morala konpentsatzeko.

Emakumearen kasuan, agintaritza desobeditzeagatik 540 euroko isuna ipini diote. Hala ere, epaimahaiak nabarmendu du emakumeak ez zuela “ekintza erasokorrik” egin atxilotzen ari ziren bitartean.

Polizia-etxeko bideo-grabazioei esker frogatu da emakumeari egindako erasoa. Bizkaiko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, polizia-etxean zeudela agenteek kendu zioten poltsa berreskuratzen saiatu zen emakumea, eta zigortutako ertzainak emakumea besotik heldu eta zaplazteko bat eman zion “gehiegikeria argiz”. Emakumeak, orduan, “aurpegia eta lepoa atzamarkatu” zizkion ertzainari, eta hark “bi ukabilkada gogor” eman zizkion. Epaitegiak adierazi du bideo-grabazioak oso garrantzitsuak izan direla ebazpenerako, bai supermerkatu kanpokoak, baita ziegetakoak ere.