Zigorra gibelapenarekin jarri die epaileak, beraz printzipioz ez dute espetxean bete beharko.
G7aren goi bilera burutzen ari zen egunetan atxilotutako bi pertsona astelehenean igaro ziren epailearen aurretik. Akizeko epaitegian burutu zen hauen kontrako epaiketa, eta hasiera batean zazpi arau hauste egozten bazizkieten ere, epaileak horietatik hiru onartu ditu: bi radar kontrolen gainean pintatu izana, eta A.C.A.B. (All Cops Ar Bastards esaldiaren laburdura, euskaraz “polizia oro sasikumea da” esatera datorrena) zioen pintaketa egitea.
Gainontzeko lau arau hausteak onartzeko frogarik ez du izan epaileak, eta gauzak horrela, seina hilabeteko espetxe zigorra ezarri die, gibelapenarekin. Hala bada, printzipioz ez dute zigorra espetxean bete beharko, baldin eta bi urteko epean beste auzirik ez badute. “Herritartasun” ikastaro bat ere egin beharko dute, baita 894 euroko isuna ordaindu ere.
Epaitutako arau hausteak abuztuaren erdialdera jazo ziren, G7aren gailurra burutu aurretik. Fiskaltzak, baina, G7aren kontrako protestetan parte hartu nahi izatea leporatu die.
Asteazkenean eta ostiralean epaituko dituzte, baita, Bizi! Mugimenduko hamaika kide ere. Frantziako presidente Emmanuel Macronen erretratuak herriko etxeetatik kentzeagatik, bost urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso dezaketela jakinarazi du mugimenduak. Epaiketak Parisen eta Orleansen (Frantzia) burutuko dira.