argia.eus
INPRIMATU
Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Tubacexeko langile bati
  • Epaiketan argi geratu da ez zuela agintaritzaren aurkako atentaturik egin, baina sei hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa ezarri dizkiote, atxiloketan erresistentzia egitea leporatuta. Espetxera ez da sartu beharko.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 04a
Langilearen atxiloketaren irudia. Argazkia: Aiaraldea.eus

Ekainaren 15ean epaitu dute Gasteizen Tubacexeko langile bat, 2021eko otsailaren 23an Laudioko lantegiaren aurrean gertatutako istiluengatik. 21 hilabeteko espetxe zigor eskaerari aurre egin dio, eta azkenean sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, “erresistentzia” leporatuta.

Espetxera ez da sartu beharko, ez duelako horretarako behar duen gutxiengora iristen, baina hiru ertzaini 536 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkie, atxiloketan “atzamarretan eta belaunean mina hartu zutelako”, Aiaraldeak jaso duen moduan. Epaileak ertzainen adierazpenak onartu ditu, nahiz eta kontraesanak agerikoak izan: objektu bat zuzendaritzaren autobusari botatzeagatik eta ez identifikatzeagatik atxilotu zutela esan zuten bi ertzainek, eta besteak zioen ertzain bati eraso egiteagatik izan zela.

Langileak adierazi du hutsik zegoen tabako pakete bat jaurti ziola autobusari, eta ertzain bati eraso egin izana eta identifikatzeko agindua jasotzea ukatu zuen. Horregatik erresistitu zen, ez zuelako ulertzen zergatik ertzainak bere gainera etorri ziren, eta mina egiten ziotelako. Atxiloketaren ondorioz eskuineko besoan lesioa izan du, eta ezin du pisurik jaso.

Grebalariak helegitea jarriko dio epaiari. Oraindik bost pertsona daude epaiketaren zain: Tubacexeko bi langile eta eskualdeko hiru gazte.