argia.eus
INPRIMATU
Sei hilabetean lau espetxe zigor jarri dizkiote Marixol Iparragirreri, azkena 46 urtekoa
  • Urtea hasi zenetik lau zigor ezarri dizkiote Marixol Iparragirreri. Azkenarekin, Espainiako Auzitegi Nazionalak 46 urteko espetxe zigorra ezarri dio presoari, 1987an bi hilketa burutzea eta Eskoriatzan lehergailu bat jartzea leporatuta.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 09a
Marisol Iparragirre epaiketa batean (Argazkia: Efe)

Marixol Iparragirre euskal presoari aurten ezarritako laugarren zigorra da Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazitakoa: 46 urteko espetxe zigorra ezarri dio, 1987ko maiatzean bi pertsona hiltzea eta Eskoriatzan lehergailu bat jarri eta kalteak eragitea leporatuta. Auzitegiak egiaztatutzat jo du Iparragirrek beste lau lagunekin lehergailua jarri izana.

Urtea hasi zenetik presoari ezarri dizkioten zigorren zerrendan laugarrena da honakoa. Otsailean, Auzitegi Nazionalak iazko uztailean ezarritako 122 urteko espetxealdia berretsi egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 1995ean Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzea egotzirik; hilabeteren bueltan, Auzitegi Nazionalak 61 urteko beste espetxe zigor bat ezarri zion, 1994an eta 1995ean bi atentatu egitea leporatuta; apirilean, ostera, Auzitegi Gorenak hirugarren espetxe zigor bat ezarri zion, 39 urtekoa, 1985ean Amurrioko Estanislao Galíndez postariaren hilketan parte hartzeaz akusatuz.

Iparragirre talde armatuko kide izateagatik ere kondenatzea eskatu zuen Fiskaltzak, baina zio horrengatik zigorra Frantzian bete zuela kontuan hartuta, epaileak atzera bota du eskakizuna.