argia.eus
INPRIMATU
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan
  • Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 25
Goi-bilerako agintarien argazkia, Putin falta da debekatuta baitauka herrialdera sartzea. Goi-bilerako agintarien argazkia, Putin falta da debekatuta baitauka herrialdera sartzea.

Johannesburgon abuztuaren 23an hasi zen goi-bileran hala erabakita sei herrialde gehiagok osatuko dute Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak (BRICS) osatutako aliantza. Oraingoz gonbidapenak egin dizkieten herrialdeak ondorengoak dira: Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte. Dena dela, partaide izateko 40 herrialde daudela prest argitu du Descifrando la guerrak.

Aliantzaren parte izateko gonbitek hainbat erreakzio eragin dituzte. Irango Gobernuko kabinete buruaren alboko Mohammada Jamshidikek historikotzat jo du: “Garaipen estrategikoa da Iranen kanpo politikarentzat”. Saudi Arabiako atzerri ministro den Faisal bin Farhanek gonbita eskertu du, baina “xehetasunak” aztertu behar dituztela azaldu du. Bruselas eta Washingtonen, ordea, ez dute begi onez ikusi azken erabakia, haien boterea zalantzan jarri dezakeelako.

Indar handia hartuko luke aliantzak munduko petrolio eta energia esportatzailerik handienetakoak bilduko lituzkeelako, Saudi Arabia esaterako. ElEconomista hedabideak argitaratu du munduko petrolioaren %42 kontrolatuko luketeela aurrerantzean.

Bilakera

2006an sortu zuten Brasil, Errusia, India eta Tinaren arteko aliantza, Nazioarteko merkataritzan, eta batez ere, hegoaldean erreferente izateko helburuarekin. Bide batez, AEBek eta dolarrak duten eraginari aurre egitea da helburua. 2010ean Hegoafrika batu zen, eta 2015ean Garapen Berrirako Bankua sortu zuten, garatzen ari diren ekonomietako proiektuei maileguak emateko, azaldu du Berriak.