U14 kolektiboak uztailaren 14an antolaturiko manifestazioan kalte materialak eragin izana eta Baionako erretreten erreformaren kontrako istiluetan parte hartu izana leporatzen diete. Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea eginen dute asteazken honetan, 12:30ean Baionako komisaldegiaren aitzinean.
Frantziako poliziak sei gazte atxilotu ditu, gaur goizean, Urruñan (Lapurdi), Hendaian (Lapurdi) eta Baionan. Euskal Irratiak zabaldu duenez Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak esan du hiru afera egozten dizkiela poliziak: andeatzeak, poliziaren kontrako erasoak eta Hendaiako tren turistikoaren gidaria erasotu izana. Goizeko 6:00ak aldera izan da atxiloketa, eta Baionako polizia etxera eraman dituzte gazteak.
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du, gaur, 12:30ean, Baionako komisaldegian: "Militantzia politikoa are kriminalizatuago den garai honetan, eskubide politikoen defentsan antolatzea dagokigu". Beste hainbat eragilek ere salatu dute polizia operazioa eta guztiek dute elkarretaratzera deitzen: EH Bai koalizioak, Xuti Gazte taldeak, Aske antolakundeak, Iparra Hegoa elkarteak, Ipar Euskal Herriko Aek-ak, Sare Antifaxistak, Selaurua Betez Etxepare lizeoko tadeak eta EHZk.