Iñigo Cabacasen hilketari buruzko auzia hasi da astelehen goizean Bilbon, Bizkaiko Auzitegiko 3. Salan. Sei ertzain epaituko dituzte, egun horretan aginte ardurak zituztelako edo gomazko pilotak jaurti zituztela onartu dutelako. Beste ertzain batzuek ere egin zuten tiro, baina auziaren garapenean oraindik ez da lortu jakitea nortzen diren.
Cabacas gaztea 2012ko apirilaren 5ean zauritu zuten Bilbon, lagunekin Athleticeko partidu bat ikustera joan eta Ertzaintza jende multzo baten aurka oldartu zenean. Ertzaintzaren ustez kale istiluak ziren Indautxu auzoan eta horregatik parte hartu zuten, baina lekuko guztien arabera ez zen halakorik. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek gaztea zauritu zuen buruan eta lau egunera hil zen ospitalean.
Sei urte iragan dira harrez geroztik eta orain arte izan den epaiketa bakarra Ugarteko ertzainburuaren salaketa baten ondorioz izan da, honek Gara-ko zuzendari Iñaki Soto, Iñaki Iriondo kazetaria eta Jone Goirizelaia familiaren abokatuaren aurka jarritako salaketaren ondorioz.
Publikoki entzun ahal izan diren grabaketetan argi entzuten da Ugartekok nola agintzen dien ertzaineI karga dezaten, baina Ugarteko ez dago auziperatua. Grabaketa hauek publiko egin izana eta bere ohorea kaltetzeagatik eraman zituen epaiketara bi kazetariak eta abokatua, baina epaileak errugabetzat jo zituen.
Gora-behera handiak izan dira auzian eta uneren batean artxibatzekotan ere izan zen. Familiak eta lagunek, ordea, temati jarraitu dute auziarekin, eta azkenean astelehen honetan hasiko da berau. Goirizelaiak gogor salatu du familiaren lanari jarritako traba guztiak eta azpimarratu du ez duela inongo laguntzarik izan ez Segurtasun Sailaren ez fiskaltzaren aldetik. Ertzainentzat lau urteko espetxe zigorra eskatzen du akusazio partikularrak eta sei urteko inhabilitazioa. Fiskalak ez du deliturik ikusten eta absoluzioa eskatu du guztientzat.
Behin eta berriz oihukatuko dugu "justizia Iñigorentzat" pic.twitter.com/EkkT39ZNgD
— IñigoJustizia (@InigoJustizia) 2018(e)ko urriaren 14(a)