argia.eus
INPRIMATU
Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean
  • Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei egindako erasoak daude gezurra eta egiaren artean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 17a

Asko dira adibideak, baina bi aipagarrienetakoak: urriaren 17an al-Ahli Arab ospitalak izan zuen erasoan ehunka hildako izan ziren eta Israelek palestinarrei leporatu zien erasoa; egunotako al Xhifa ospitalearen aurkakoan haren azpian Hamas dagoela argudiatu du Israelek. Juduen armadari sinistuta, beraz, ez dagoenez argi egia non dagoen, nahi duenak badu aitzakiarik ezikusiarena egiteko.

1966ko Sei Egunetako Gerraren hasieran gezurrari emandako erabilerak berriz ere lortu zuen munduan zalantza barreiatzea. Josep Fontana historialariak Por el bien del imperio (Inperioaren onerako) liburuan kontatzen duenez, Israel eta inguruko estatu arabiarren arteko tentsioa etengabekoa zen bi hamarkada lehenago juduen estatua sortu zenetik. Egipto eta Siria eskutik hari ziren Israelengandik defenditzeko edo hari erasotzeko, eta gerrillari palestinarrak Jordaniatik sartzen ziren sarri Israeli eraso egiteko.

Israelek erantzun gogorra eman zion Jordaniari eta hango Jamu herriari eraso egin zion 400 soldadurekin eta, besteak beste, 125 etxe lehertu  zituen. NBEk erasoa gaitzetsi zuen. Une haietan zeinek noiz hasi erasoari, halaxe zeunden Gamal Abdel Nasserren Egipto eta Israelgo armada, eta azkenean Israel izan zen lehena, hori bai haien artean asko eztabaida ondoren. Israelgo Levi Eshkol lehen ministroa uzkurra zen erasoarekiko; nahiz eta jakin samur irabaziko zutela, ondoren ere arabiarrek hor jarraituko zuten: “Orduan, ezpatarekin eskuan bizi beharko dugu beti?”.

Israelgo militarrek beren nagusitasuna baliatu nahi zuten eta Levi Eshkolek amore eman zuen haien aurrean: Defentsa ministroa ere bazen eta kargu hori utzi egin zuen, eta Moshe Dayan eta Menachem Begin ministro izendatu zituen. Juduen armadak bidea libre zuen.

1967ko ekainaren 5ean, gerra aldarrikatu gabe, Israelgo Armadaren 183 hegazkinek Mediterraneora jo eta mendebaldetik eraso zioten Egiptori, ezustean harrapatuta. Bederatzi hegazkin baseren aurka jo zuten eta egun bakarrean Egiptoko aire armada ia guztia suntsitu zuten, hegazkinak aireratzeko denborarik ere eman gabe.

Oldarrari ekin eta aldi berean, NBEri jakinarazi zion Egipto Israel erasotzen ari zela. Gainera, lur armadaren erasoaldia abiarazi zuten Egiptok Sinai basamortuan eraikitako defentsa lerroaren aurka eta hiru egunetan Suez-eko Ubideraino iritsi ziren. Eta egun hartan bertan, Israelek Jordania inbaditu zuen, haren aire armada suntsitu eta Jerusalem eta Jordan ibaiko mendebaldeko lurrak okupatu.

Hain izan zen handia shocka Egipton, Nasserrek berehalakoan dimititu zuela. Ostera ere, Israelek argi erakutsi zuen indarra eta gezurra bateratzeko duen abilezia. Informazioak badu zerikusirik egi eta gezur kontuetan, baina aktoreen ohiko jardunak ere bai. Alde horretatik, herritar bakoitzak pentsa dezake hilabete pasatxoan 11.000 pertsonatik gora -ia erdiak umeak– hiltzeko ausardia eta inpunitatea erakusten duen armadaren sinesgarritasuna non geratzen den.