argia.eus
INPRIMATU
Sei atxilotu Arabako Aldundiaren zaintzapeko adingabekoen prostituzio kasua dela eta
  • Sei pertsona atxilotu dituzte orain arte Sansoheta (Gasteiz) zentroan bizi ziren hainbat adingabekoren ustezko prostituzioari buruzko ikerketaren barruan, EAEko Barne Sailak baieztatu duenez. Arabako Foru Aldundiaren ardurapeko zentroa da Sansoheta; gurasoei zaintza kendu ostean erakunde horren zaintzapean geratu diren adingabekoak bizi dira bertan. Kudeaketaz Urgatzi arduratzen da, irabazi asmorik gabeko Bizkaiko elkarte bat.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 15
Sansoheta zentroko sarrera.

Prostituzioagatiko lehen salaketa apirilean ipini zen, baina orduan abiatutako ikerketak ez zuen aurrera egin. Gaia urrian berpiztu zen, Sansohetan bizi diren gazteetako batek tutoreari esan zionean prostituitu egiten zela. Zentroko arduradunek horren karietara nerabeekin egindako elkarrizketen arabera, guztira 14 eta 17 urte arteko bost gazte daude inplikatuta (bederatzi, zenbait iturriren arabera).

Sei atxilotuetako bat psikologo klinikoa da. Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako diputatu Beatriz Artolazabalen esanetan, pertsona horrek ez ditu inoiz nerabeak zuzenean artatu. Prostituziorik izan bada zentrorik kanpo gertatu dela gaineratu du Artolazabalek. Sansohetan bizi diren adingabeak erregimen irekian daudela gogoan izan behar da.

Beste bost atxilotuak azaroaren 15ean atzeman ditu poliziak, eta hau idazteko unean ez da zabaldu haiei buruzko daturik. Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak sekretupean jarri du sumarioa.