1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Poliziak 69 lagun hil zituen apartheidaren kontrako manifestazio baketsu batean. Ordutik, egun hori Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Nazioarteko eguna ospatzen da, aldarrikapenez beteta. SOS Arrazakeriak urtero gai ezberdin bat lantzeko aprobetxatzen du Trintxerpetik Donostiara martxa eginez. Aurten, auzoetako segurtasuna jarri dute erdigunean, eta segurtasunaren ideiaren atzean dauden diskurtso arrazistak izan dituzte kontuan.
Salatu dutenez, delinkuentzia txikiak “gure frustrazioen eta segurtasun ezaren basoa betetzen du, eta hori konpon dezaketela uste dutenen egoerak bultzatzen ditu, baita kaputxa eta burdinazko barra eskuan hartuta ere”, Trintxerpen izandako erasoak gogora ekarriz.
Horretarako, “auzo seguruak aldarrikatu behar ditugu, aurre egin behar diegun ondoez ugariei ekiteko auzokideen arteko harremana koltxoi bat izan dadin. Non elkartasuna auzokideok protagonista izango garen balio bat den”.
SOS Arrazakeriarentzat “negargarria” da delituen biktima direnen “zilegizko haserre mezu pozoituak, gorrotoz beterikoak zabaltzeko aprobetxatzen duen jendea egotea, kolektibo oso bati, atzerritarra espreski, pertsona batzuen gizalegearen kontrako ekintzen erantzule egiten diona”. Horrekin batera kritikatu dute “gorrotoa eta kriminalizazioa sustatzen dituzten programak” daudela telebistetan.
Gaineratu dutenez, “Poliziaren eta justiziaren esku-hartzea eskatzean, beharrezkoa da gazteen kolektibo oso baten eskubideak ez kriminalizatzea eta urratzea; izan ere, bizi duten egoera gogorra izan arren, urratsak ematen ari direlako, ahalegin ikaragarria eginez, aurrera ateratzeko eta haien migrazio-proiektua betetzeko. Erakundeei aldarrikatu behar zaie, nekaezin, egunero jan ahal izateko eta kalean lo egin beharrik ez izateko adina baliabide jartzea”.
Mobilizazioa igandean izango da, 11:30ean abiatuko da Trintxerpetik eta 13:00etan helduko da Alderdi Ederrera eta herritarrei dei egin diete “instituzioei baliabideak eskatzeko, auzo seguruak erreklamatzeko, kalean bizi direnak babesteko, azken finean, bertan bizi garen pertsona guztien eskubideak erreklamatzeko”.