argia.eus
INPRIMATU
Segurtasun Sailak gutxienez hiru ertzain zigortu ditu, eraso matxisten biktima batzuk desegoki artatzeagatik
  • Arartekoak “praxi okerra” antzeman du, eta biktimekin aritzen diren ertzainei "enpatiaz" jokatzeko neurriak eskatu dizkie, indarkeria matxista kasuetan bereziki.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 07a

Arartekoak jasotako kexa emakume batek iaz Bilboko bi ertzain-etxetan jasan zuen tratuaren harira dator, sexu eraso bat salatzera joaterakoan, Berria-k jaso duenaren arabera. Emakumea segurtasunik gabe sentitu zen komisarian: emakumezko poliziarik ez zegoen, pribatutasuna eskatu behar izan zuen itxaron gelan artatu zutelako, eta ertzain baten “jarrera penagarria” pairatu zuen. Ertzaintzaren tratu desegoki horiek aspalditik dira kezka iturri bat biktima taldeen eta eragile feministen artean.

Biktimaren inguruko “segurtasun klima bat” osatzea eskatu dio Arartekoak Segurtasun Sailari, gogoaraziz ertzainen eginbeharra dela “tratu egokia eta arretazkoa” ematea biktimei, epairik eta tokiz kanpoko iruzkinik gabe. Hala ere, Arartekoak azaldu du ez duela kasuaren balorazio osoa egin, Segurtasun Sailak ez diolako bidali eskatutako dokumentazio guztia, kexak aztertu dituzten ertzainen arduradunen arabera ez zelako egon tratu desegokirik. Arartekoak adierazi du horrelako portaerek bere funtzioak betetzea oztopatzen dutela, laguntza bila erakundera jotzen duten pertsonei kalte eginez.

Gutxienez hiru ertzain zigortu dituzte arau-hausteen ondorioz. Arau-hausteetako bat larria izan zen, iaz sexu eraso bat salatu zuen Basauriko emakume bati egina: Ertzain batzuek etengabeko oztopoak jarri zizkioten, eta biktimaren eta berarekin joandako lagunaren daturik ez zizkioten hartu. Gertatua sare sozialetatik salatu zuen emakumeak, eta bertako talde feministak protesta antolatu zuten. Ertzaintzak barkamena eskatu zion emakumeari, eta poliziari hilabeteko funtziogabetzea ezarri zioten.

Beste bi kasuetan, arau-hauste arinengatik zigortu zituzten ertzainak. Horietako batean, 2020 urtean emakume bati eskatutako babes neurriak ukatu zizkioten, “lesio fisikorik” ez zeudela esanez, eta emakumearen senideei “lekuz kanpoko” iruzkinak egin zizkieten. alde egin zuten komisariatik, baina egun berean bueltatu eta lortu zituzten babes neurriak tramitatzea.

Azkeneko kasua Irunen gertatu zen, iazko udaberrian. Emakume bat salaketa jartzera joan zen komisariara bikotekidearen aurka, genero indarkeriagatik, eta poliziak tramitazioa beste egun batean gauzatuko zutela esan zion. Irungo Guardiako Epaitegira jo eta gero lortu zuen emakumeak salaketa 24 orduko epean tramitatzea.

Tratu desegoki horien ondorioz eskatu dizkio Arartekoak Segurtasun Sailari  “neurri espezifikoak”, Ertzaintzaren jokabide egokiak bermatzeko.