Espainiako Diputatuen Kongresua segurtasun enpresa pribatuei eskumen handiagoak emango dizkien lege proiektu bat tramitatzen hasi da. Agente pribatuek kartzeletan edo etorkinendako babes etxeetan kontrol funtzioak betetzea ahalbidetuko du lege berri horrek.
Hainbat talde parlamentariok lege zuzenketak aurkeztu dituzte, ez baitute ulertzen “sektore publikoaren esku egon behar liratekeen funtzioak enpresa pribatuen menpe gelditzea”.
Izquierda Plural taldeak adierazi du lege proiektu horrek “segurtasun publikoaren pribatizazioari ateak irekitzen” dizkiola. Talde horretako parlamentariek gaineratu dute eraginkortasun argumentuek ez dutela justifikatzen Espainiako Gobernua osasun, hezkuntza eta justizia sektoreetan egiten ari den pribatizazioa.
Gainera, Izquierda Pluralen hitzetan “Espainiako Gobernuak segurtasun publikoaren zati handi bat pribatizatu nahi du, Polizia Pribatu moduko perfil bat sortzeraino. Zuzenbide Estatuarentzat oso kezkagarria eta kaltegarria litzateke hori, kontrol soziala areagotuko lukeelako”. Talde horrek salatu du lege proiektua aurrera ateraz gero ordain dezaketenek bakarrik edukiko dutela segurtasuna.
PSOEk ere zuzenketak aurkeztuko dizkio testuari; zaintzaile pribatuek kartzeletan edo babes etxeetan kontrol betebeharrak egin behar ez lituzketela iritzita. “Espazio konkretu horien zaintzak esklusiboki publikoa izaten jarraitu behar du” adierazi du Asturiasko Antonio Trevín diputatu sozialistak. Orain artean bezala, esparru horiek espetxeetako funtzionario, Guardia Zibil eta poliziaren esku egon behar dutela gehitu du.
Asturiasko Guardia Zibilen Batasuneko idazkari nagusi Ramón Rodíguezek salatu du, beharrik gabe gelditu ziren Euskal Herriko eskoltei lanpostua emateko aitzakiaz, presondegietan zaintzaile pribatuak dabiltzala lanean iragan apiriletik. Bere ustez “ezin da Guardia Zibil baten prestakuntza zaintzaile pribatu batenarekin alderatu”.