argia.eus
INPRIMATU
Segurtasun distantziak betetzen ez dituzten enpresei isunak ezarriko dizkiela adierazi du Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Gobernuak hainbat “arau-hauste larri” zehaztu ditu pandemiarekin lotutako laneko arriskuen prebentzioari lotuta. “Langileen arteko 1,5 metroko distantzia ez bermatzea” edota “babes-ekipoak ez ematea” bezalako zabarkeriak zigortzeko asmoa azaldu du. Isunak joera orokorra izango ez direla argitu du ordea.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 09a

Langileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea bermatzen ez duten enpresek, edo hori ezinezkoa denean enplegatuei babeserako materiala ematen ez dietenek “40.985 euro arteko isunak” jaso ditzaketela jakinarazi du Espainiako Gobernuak. Azken ekonomia dekretuan laneko arriskuen prebentzioaren arloan onartutako arau-hauste "larrietako" bat da, eta Lan Ikuskaritzari hura ikertzeko ahalmena ematen dio, eta arau-haustea gauzatzen den kasuetan “aktak ezartzeko” baimena esleitzen dio.

Espainiako Lan Ministerioko iturriek gogorarazi dutenez, Ikuskaritzaren interbentzio orok ez du isuna eragingo ordea. Funtzionarioek “egoera bakoitza” aztertzen omen dute, eta hainbat kasutan “errekerimendua” egiten da, hau da, enpresari epe jakin batean “portaera zuzentzeko” eskatzen zaio, konpainiak “asmo txarrez jardun ez duela ikusten bada”. Gainera, egoerak isuna merezi duela ebazten duten gutxiengo kasuetan ere, “gradu bat baino gehiago” izango direla zehaztu dute, eta “egoera bakoitzaren inguruabarrak” kontuan hartuta aplikatuko direla. Isun handienak, 40.000 euro baino gehixeagokoak, “kasu larrienetan” baino ez lirateke ezarriko.