Bazterketa izan da historian zehar herri askotako bizitzeko moduan gertatu dena. Eta baztertuek bere defentsarako erabili izan dute bazterketa. Defentsa fisikoa egiteko batzuetan eta ohiturak babesteko beste batzuetan, pentsatuz hobe zela berdinak berdinekin elkartzea indar handiagoa izateko.
Ildo honetan, herri anitzetan adierazgarriak dira tokien izenak: Juderia kalea, etorkinen plaza, edo kanpotik lanera etorritakoen auzoa adibidez. Azkenean horrek, bazterkeriarantz eraman gaitu, eta ondorioz, kolektibo desberdinen arteko harremana bukatu egin da gizarte ierarkizatua eraikiz, batzuk besteen gainetik jarrita.
Segregazioa erakunde guztietan aztergai bihurtu da. Aztergai zentrala gainera. Islarik nabarmenena eskoletan eta herrietako elkarbizitzan ikusten dugu baina eztabaida eta hausnarketa herrira zabaltzen hasten ari da, adibidez, Zubiak Eraikiz elkartearen Ekinbide Legegilea.
Baina nagusiki agintari desberdinen ahotan dabil gaia: Eskolatze Batzordeetan edo Udal batzuetan esaterako. Zeintzuk dira bada hain berria ez den fenomeno honen zergatiak? Behingoz konturatu gara benetako arazoa dela? Lotsak gizartearen aurrean, itxura gordetzera bultzatzen ditu agintariak? Kronifikatuta dagoen pobrezia iraultza bihurtzeko arriskua hurbiltzen ari da? Edo benetan, biztanleriaren zati bat sentsibilizatzen ari da arazo honetaz?
Eskolatze Batzordeetan edo Udal batzuetan esaterako. Zeintzuk dira bada hain berria ez den fenomeno honen zergatiak? Behingoz konturatu gara benetako arazoa dela? Lotsak gizartearen aurrean, itxura gordetzera bultzatzen ditu agintariak? Kronifikatuta dagoen pobrezia iraultza bihurtzeko arriskua hurbiltzen ari da? Edo benetan, biztanleriaren zati bat sentsibilizatzen ari da arazo honetaz?
Gure herrietan, eta gaur egun, jabetu gaitezen segregazio edo bazterketa egoera desberdinak daudela. Batzuk aipatuko ditugu:
– Arrazakeria: esaterako etxebizitzak alokatzerakoan guk baino zailtasun gehiago dituzte jatorri arabiarra edo marokoarra dutenak. (Inmigrazioaren Euskal Behatokia 2018)
– Aporofobia (jende txiroa mespretxatu, arbuiatu eta baztertzera daraman aurreiritzia): adibide bat jartzearren maila sozio ekonomiko baxukoek ikastetxea aukeratzerakoan eskola publikoa aukeratzen dute gehienek kontzertatuen ordez. Giltzarria den kuotak jartzen baitu muga. (Berria 2018-11-11). Derrigorrezko heziketa dohainik izango balitz, legeak esaten duen bezala ikastetxe guztietan haur guztiak eta ikastetxe guztiak otzara berean egongo lirateke eta mapa eskolarrak jatorrizko zentzua hartuko luke.
– Genero berdintasun eza: urratsak ematen ari direla badirudi ere, maiz aurkitzen ditugu adibide mingarriak, ez delako onartzen kolektibo guztiek eskubide berdinak dituztela: 20 urteren ostean Irun eta Hondarribiko eskandaluak jarraitu egiten du eta ezin dute adostu guztiek parte hartuko duten alardea, guraso bakarreko familiak edo sexu bereko bikoteek edo “trans”ek besteek baino traba gehiago dituzte ohiko eginkizunetan.
Azken garaietako erakundeetako aldarrikapen ofizial guztiek jasotzen dituzte segregazioaren aurkako eta gizarte inklusiboaren aldeko neurriak eta hitzak. Horixe, hitzak. Hitzen aldaketa bai eman da, baina benetakoak balira ez lukete jarraituko “Urbi et orbi” berdinak aldarrikatzen. Legeak ez dira ailegatzen azkeneko praktikak erregulatzeraino eta dirua oraingo beharrei erantzuten ez dieten irizpideekin joaten da. Agintariek esaten eta onartzen dutena koherentea ez denean maiz beraien bizitza pertsonalean hartzen dituzten erabakiekin, bi aukera ditugu. Bata etengabe kexatu eta kulpa bota geuk hautatutako agintariei eta bestea gizartea hobetzeko estrategietan inplikazio arduratsuagoa izan.
Jakin badakigu badaudela eredu berriak, jendea, eskolak eta kolektibo sentsibilizatuagoak eta proiektu garatuagoak, tamalez asko zabaltzen ez direnak. Badaukagu, zorionez, zenbait adibide positibo herrietan; esate baterako, Aretxabaletako herriko eskolan tokiko euskalkia ikasi eta erabiltzeraino iristen diren jatorri marokoar eta pakistandarra duten ikasleak edo Antzuola, alarde bakarra eta mistoa adostu duen herria. Egin dezagun ahalegina honelako ereduak biderkatzeko.
Azken finean, Legebiltzarra, diputazioa, udala eta “eskola” adibidez, berauek kudeatzen dituzten pertsonek duten gaitasunaren araberakoak izango dira, egungo egoera gaurko agintarien sentsibilizazio eta koherentziaren heinekoa den bezalaxe . Eta honek asko esaten du gure gizartean hartutako erabakiez, 15 urteetan hartutakoek bitan banatutako gizartea eraiki dute. Beraz norbere heziketan, oinarrizko baloreak: sentsibilizazioa, gizartearekiko erantzukizuna, justizia, errespetua, erabakiekiko koherentzia eta berdintasuna norainokoak izan diren da gakoa. Egon gaitezen argi, ezaugarri horiek praktika pertsonalak eta kolektiboak kudeatzeko moduak erakusten dituelako eta ez esandako hitzek.
Hauteskundeei begira jarrita gauden une honetan, zerrendak osatzerakoan pentsatzen dugu aipatutako irizpideak kontuan hartzea merezi duela guztion arteko benetako bizikidetzak gorroto kulturari irabaziko badio.