Opus Deiren bi eskola pribatuk ikasleak sexuaren arabera bereizten jarraitzen dute Nafarroan. Biek finantziazio publikoa jasotzen dute, eta ez dute martxoan Nafarroako Gobernuarekin sinatutako akordioa betetzen. Eskolek legea bete dezaten bermatzeko zein neurri hartu aztertzen ari da gobernua
Opus Deiren Nafarroako ikastetxeek finantziazio publikoa jasotzen dute kontzertuaren bidez. Itunpeko eskolek martxoan berritu zuten akordio hori eta 2027ra arte luzatu zuten. Baina akordio horretan berariaz aipatzen da neska eta mutilen arteko bereizketari amaiera eman beharra, laguntza publikoak jaso ahal izateko. Hala ere, Nafarroako Opus Deiko bi eskolek Lehen Hezkuntzako lehen mailako bi gela baino ez dituzte misto bihurtu, eta gainerako gelek sexuaren arabera bereizita jarraitzen dute. "Sinatutakoa bete ez dutela argi geratu da", adierazi du Nafarroako Hezkuntza sailburu Carlos Gimenok, eta "Gobernuak legea betetzeko eskatu behar du", ohartarazi du. Bere saileko zerbitzu juridikoek "erabaki politiko egokia hartu ahal izateko, aukera juridiko, arauemaile eta administratiboen deskribapena" helaraziko diotela adierazi du.
Opus Deiko Miravalles-El Redín eta Irabia-Izaga ikastetxeetan 4.500 lagun inguruk ikasten du eta 350 irakaslek egiten du lan. 11,5 milioi euro jaso zituzten funts publikoetatik 2018an. Martxoan ikasleak ez bereizteko konpromisoa hartu bazuten ere ez dira betetzen ari.
Opus Deiko eskolen jarrerarekin kritiko azaldu dira alderdi guztiak, salbu UPN. Javier Esparza eledunak mutilak eta neskak bereizteko aukeraren alde hitz egin du: "Guk ez diogu uko egingo familiek [hezkuntza eredua] aukeratzeko askatasunaren alde egiteari".