FERMIN MUGURUZA 40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.
-------------------------------------------
Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera, larunbata. Hori gutxi balitz, akontezimendu kultural garrantzitsua hartu du hiriak: Fermin Muguruzaren 40. urteurreneko birako bigarren kontzertua (Miarritzeko Atabalen eman zuen lehena).
Azoka egunari amaiera borobila emateko asmoz batu gara 8.000 pertsona Bilbo Arenan. Zirrara eta gogoa nabari dira giroan: “Non dago G atea?”, “Ez zaituztet ikusten, ni hemen nago”, “A ze bueltatzarra eman dudana!”. Ohiko komeriak eta urduritasunak Muguruza komandantea ikusteko esperoan.
Puntual baino puntualago ekin dio kontzertuari. Maputxe hautatu du zuzenekoa abiatzeko eta Urrun abestiarekin agertu da oholtzara: “Has dadila akelarre antifaxista”. Hamar urte eta erdi geroago zapaldu du oholtza Euskal Herriko musikari esanguratsuenetako batek. Bira mundiala iragarrita, 40 urteko ibilbidearen errepasoa egitea du asmo kantariak. Ez du erronka makala.
Errepasorako, tentuz hautatu ditu oholtzakideak Muguruzak: Gloria Maulet baterian, Gerard Charlar 58 perkusioetan eta Victor Navarrete baxuan. Bestetik, “punk rockaren haizeak”: Jon Elizaldek, Aritz Lonbidek eta Igor Ruiz Fino. Lehen lerroan, berriz, Xabi Solano, Lide Hernando eta Matah.
Pistan jendea dantzarako prest, eta harmailetan asko eta asko zutik. Garagardoa eta kalimotxoa barra-barra eta argazki kuriosoa: 40 urte inguruko gazte asko eta bizi izan ez genuena ikusteko ezusteko aukerarekin zirraratsu gauden beste gazte asko.
Lau hamarkadako ibilia ia hiru orduko saio bilakatzeko formula aurkeztu du musikariak. Denetik pixka bat, eta faltan, nik behintzat, gutxi: Big Beñat igaro da Korrikan, Kortatu-k argi zuen que… Hay algo aqui que va mal eta beti egon direla En la línea de frente. Nazioarteko borrokei keinu: Yalah, Yalah, Ramallah! eta Nicaragua Sandinista. Jai giro aldarrikatzailea beti presente: Dub Manifest, Gora herria, Kolore biziak… Orotara, irakurri dudanez, 35 abesti.
Eta, nostalgiari tokia eta merezi duen aitortza eginez, kontzertu osoan oholtzakide izan dituen musikariez gain, kolaboratzaile bereziak gonbidatu ditu Muguruzak. Eta guk bizitzea espero ez genuen akontezimenduen zerrendara beste bat gehitu dugu. Kaki Arkarazo, Mikel Anestesia eta Mikel Abrego txalo zaparrada artean hartu ditu publikoak. Eta uneoro nonahi agertu da, nola ez, Iñigo Muguruza anai eta taldekidea.
Kontzertuaren bukaera aldera igo da oholtzara Itziar Ituño “lehendakaria”. Lehertu da Kortatu, hau da Sarri Sarri. Eta, Muguruzak ondo esan zuen bezala: “Sarri Sarri-ren ostean badirudi ezin dela ezer kantatu”. Edo bai. Gaueko azken aldarria egin du musikariak: Hator, hator euskal presoen omenez.
Bilboko saio bikoitza atzean utzita, Euskal Herrian beste bi hiri bisitatuko ditu Muguruzak: ekainean Donostian bilduko dira zaleak eta azken izerdia Iruñean botako du urrian. Bitartean, segi dezala akelarre antifaxistak.