Sedizioagatik inputatu zaituztetela jakin nuenean, astindua hartu nuen. Oroitzapenek 40 urte atzera eraman ninduten, 1976ko martxoaren 9ra. Egun hartan, Puerta del Soleko ziegetan atxilo geundela, prozesamendua jakinarazi ziguten nire kide eta lagun Jesus Navesi eta bioi. Sedizioa leporatzen ziguten, Gasteizko grebetan izan genuen parte hartzea zela eta (bost hilabete beranduago kaleratuak izan ginen, 76ko abuztuko amnistia dekretuaren ondorioz). Zenbat denbora, zenbat desberdintasun, zenbat antzekotasun.
Gasteizen, 1976ko urtarrilaren 7an hasi eta urte bereko martxoan odoletan akabarazi zuten greba, aldarrikapen komun batzuen inguruan bildutako hamabi enpresatako langileekin hasi zen. Eztabaidatzeko-erabakitzeko asanblada irekiak ziren mugimenduaren bizkarrezurra, boterea modu jakin batean praktikatzen zutenak: obedituz agintzea. Demokrazia zuzena elikatzen zuten, kutsatzeko arriskua zekarrena. Eta hala, borondate osoz kutsatu ziren, ondo kutsatu ere, talde politikoak eta auzoetako kolektiboak, gazteak, emakumeak. Trantsizio zeritzon hartan frankistek eta “oposizioak” adostutako akordioak gainezka egin zuen eta arriskuan jarri zen.
Katalunian, urteak daramatzate mota guztietako elkarte, mugimendu eta ekimenek euren desioen eta sentipenen inguruan indarrak batzen. Urteak, herri-autoantolakuntza dosi handiak lagun, grabitatearen eta Espainiako erreinuko legeen aurka egiten duten behetik gorako azpikorronteak bultzatzen.
Gasteizen, grebak, haren moduek eta edukiek kalea hartu izanak, hasieratik kokatu gintuzten boterearen eta indar errepresiboen jomugan, legez kanpo ari ginela eta karrikak Fragarenak zirela oroitarazi nahian. Ez zegoen elkartzeko, adierazteko edo manifestatzeko eskubiderik, ezta non exijitu ere. Baina inposatu egin genituen. Els carrers seran sempre nostres.
Katalunian, 40 urte geroago eta demokrazia honetan, diktadura haren alaba kuttunean, katalanei gogorarazten zaie Konstituzioak muga batzuk ezartzen dituela eta egiten ari diren horrek muga horiek gainditzen dituela. Balio absolutu gisa aurkeztu zizkiguten ordezkaritza-mekanismo faltsutuak berak ere —katua erbitzat saldu zizkiguten hartakoak— paper errea dira erabaki ezin dena erabakitzeko erabili nahi direnean. Paper errea dira biltzeko, adierazteko edo elkartzeko eskubide formalak. Nola 36an hala 76an, eta 2017an. Baina, hara, erabakitzea erabaki zenuten. Hegoak ebaki banizkio…
Logroñotik, Burgosetik eta Valladolidetik heldu ziren Gasteizera indar errepresiboak. Kataluniara, 12.000tik gora polizia eta guardia zibil eraman dituzte estatu osotik, estilo ezin kolonialistagoa agerian —eta bertan jarraitzen dute—. Gasteizen, ikusi zutenean mehatxuak, jipoiak eta manipulazioa nahikoak ez zirela, Gasteizko patronalak Madrilera jo zuen laguntza eske, burdinazko ukabila erregutzera. Hiru egun beranduago, asanblada jendetsu batean parte hartzen ari ziren milaka lagun tirokatu zituen poliziak. Ehundik gora zauritu zituzten, gehienak balaz; miraria da “soilik” bost erail izana. Negarra eta amorrua ez zaigu oraindik eten. Inor ez da inputatua izan. Katalunian ez dira nahikoak izan enpresa handien ihesaldiak, beldurraren estrategia, zuen atxiloketak, herriaren azalean gorpuztutako erreferendumaren aurkako milaka poliziaren oldarraldiak. 155.a aktibatu du estatuak.
Gasteizko 1976ko sedizioak eta Kataluniako 2017koak desberdintasun zenbaezinak dituzte. Eta, gutxienez, bi irakasgai komun. Baga: loturik gauzkan kateak soil-soilik estutzen gaitu botereak unean-unean ematen digun metro kopurutik harago ibiltzen saiatzen garenean. Biga: Espainiako erreinuan, estatuaren batasun sakratua edo eredu kapitalista patriarkala auzitan jartzen den puntuan bertan amaitzen da bidea, desagertzen da, su eta gar, nola diktaduran hala demokrazian.
Aginduen menean bizi behar dugula barneratzean, geure buruen gainetik dagoen zer edo zerren fededun bihurtzen gara, eta orduan… galduta dago dena. Gaur, guztia pertsona otzanak sortzera bideratuta dagoen honetan, bidezko deritzozuenaren aldeko erresistentzian tematuta jarraitzen duzuenoi, besarkada bero bat. Zuei, Jordi eta Jordi, milaka eta milaka sediziogile katalanei. Eskerrik asko krisi politiko masibo eta ziurgabetasunez betetako hau zabaltzeagatik. Hainbeste irribarre lorarazteagatik, gure gaitasunak gogorarazteagatik, amets zahar-berriak berpizteagatik.
Luis Llachek gure borroken arteko zubi intimo eta politiko betierekoa eraiki zuen, gure kideen erailketak salatuz, Campanades a morts konposatzean. Egunotan, L´estaca abestu dugu Gasteizko plazan, zubia kontrako noranzkoan ibiliz. Jada gu guztionak diren Llachen zubi-hitzez baliatuz, atzoko eta gaurko“assassins de raons, de vides” ankerren aurrean altxatzen dugu gure kantua:“Si tu l'estires fort per aquí, i jo l'estiro fort per allà, segur que tomba, tomba, tomba, i ens podrem alliberar.”
Besarkada luze bat gure kartzela handi honetatik zuen kartzela txikira, zeinen kontra tiraka jarraitzen dugun, zuek handik, guk hemendik.
Imanol Olabarria Bengoa (76ko grebetan Langileen Ordezkaritza Batzordetako partaidea)