argia.eus
INPRIMATU
Sebastian Piñera kargugabetzeko prozesua geldiarazi du Txileko Senatuak
  • Kongresuan aurrera egin zuen presidentearen aurkako akusazioak: kargua hartu berritan meategi baten salmentan irregulartasunak egiteagatik epaitu nahi zuten. Baina, espero moduan, ez dute lortu goi ganberako bi herenen babesa.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 17a
Piñerak momentuz martxoan bukatuko du bigarren agintaldia. / Argazkia: DPA artxiboa.

Sebastian Piñera Txileko presidenteak momentuz martxora arte karguan jarraituko du, aurreikusten den moduan agintaldia bukatu eta asteburuan hasiko diren hauteskundeen irabazleak ordezkatu arte. Txileko Senatuak ez du onartu haren aurkako epaiketa politikoak aurrera egin dezan. Eskuineko presidentea kargugabetzeko prozesuak jarraitzeko goi ganberaren botoen herena beharko litzateke (29 bozka), baina oposizioak 24 besterik ez ditu. Beraz, ez da sorpresarik egon eta kargutik kentzeko prozesua hor geratu da. Meategi baten salmentan irregulartasunak egitea leporatzen zioten. Senatuan bozkatutako lehen akusazioan –“Konstituzioa eta legea urratzea”– 24 aldeko boto, 18 aurkako, eta abstentzio bat egon dira eta; bigarren akusazioan –“nazioaren ohorea arrisku larrian jartzea”–, aldiz, aldeko 22 bozka, aurkako 20 eta abstentzio bat egon dira.

Pandorako paperetan argitaratutako informazioaren harira, oposizioko diputatu talde batek presidentearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuen. 2010ean, presidentetza hartu berritan, Birjina uharte britainiarretan Dominga meategia irregularki saltzea leporatzen zioten. Diputatuen Ganberan argi berdea eman zioten Piñera kargugabetzeko prozesua hasteari, bozken erdia behar zutelako eta horiexek ditu oposizioak: 78 aulki. Justu-justu lortu zuten emaitza, halere. Txilen ikuskizun bihurtu zen Kongresuko saioa: diputatu batek hamabost orduz hitz egin zuen, helburu batekin: gehiengoa lortzeko behar zuten eta oraindik itxialdian zegoen diputatu bati bozketara iristea ahalbidetzea.

Hauteskundeak igandean

Azaroaren 21ean Txileko presidentetzarako eta Kongresurako hauteskundeak egingo dituzte. Piñera ez da aurkeztuko eta, beraz, martxoan bukatu beharko luke bigarren agintaldia. Kanpainan ikusi denez, bi hautagairen artean dago lehia: eskuin muturreko Jose Antonio Kast eta ezkerreko Gabriel Boric dira faboritoak. Inkesten arabera, ez batak ez besteak ez du bozken erdia lortuko, hortaz, abenduaren 19an egingo den bigarren itzulira pasatuko lirateke bi hautagaiak.