argia.eus
INPRIMATU
Seaskaren Senpereko kolegio berriak ateak ireki ditu ikasturte hasierarekin batera
  • Ziburuko kolegioa txiki geratu zaienez, 11 eta 15 urte bitarteko ikasleentzako kolegio berria eraiki dute zazpi hilabetean: Kattalin Elizalde. Irailaren 4an hasi dute ikasturtea, Ipar Euskal Herriko ikasle gehienek bezala.

Leire Artola Arin 2023ko irailaren 04a
Argazkia: Ikastolen Elkartea

Ekin diote 2023-2024 ikasturteari Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasleek, eta Seaskaren berrikuntza nagusia izan da Kattalin Elizalde kolegioaren irekiera, Senpereko lakuaren alboan. 5. eta 6. mailako 11 eta 15 urte arteko 82 ikaslerekin hasi dira lanean, lau gelatan banatuta. “Baldintza biziki onetan sartze biziki ona izateko prest gara”, jakinarazi zuten abuztu amaieran Iñaki Lekuona zuzendariak eta Mixel Bidegain gurasoen elkarteko buruak Euskal Irratietan.

Orain arte Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora joaten ziren inguruko herrietako Seaskako ikasleak, baina txiki geratu zaienez, Senperen eraiki dute beste 150-200 ikaslerentzat tokia izango duen ikastetxea. Seaskak azken urteetan hazkunde nabarmena izan du, eta Bidegainek eta Lekuonak bi arrazoi azpimarratu dituzte: gurasoen nahikeria haurrak euskaraz hazteko, eta Seaska eta gurasoak gauzak ondo egiten ari direla. “Euskara garatzeko eta indartzeko tresna dira [ikastetxeak]. Kattalin Elizalde kolegioko ikasleak hemendik hamabost urtera erabakiguneetan egongo dira, euskararen alde egiten”, aurreikusi dute.

Zazpi hilabetean egin dituzte lanak, Bidegainek eta Lekuonak azaldu dute azkartasunaren arrazoia: “Gurasoen inplikazioak eta mobilizazioak fruituak ematen dituela ikusi dugu”. Baieztatu dutenez, abendu amaierarako ia burututa egongo da kolegioa. Lehen fasea amaituta ireki dituzte ateak: lau gela, administraziorako gelak eta jangela. Sei zazpi astez ikasleek “espazio murritza” izango dutela ohartarazi dute, baina bigarren fasean aterpe handia eta kirol eremu atzeko gelak irekiko dituzte. Azkenik, hirugarren fasean kirol eremua irekiko dute.

Euskaraz, erdia baino gutxiago

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lehen mailako 11.028 ikasleetatik 3.795 euskarazko murgiltze ereduan arituko dira ikasturte honetan, eta beste 6.966 ikasle eredu elebidunean. Frantziar Hezkunde Nazionaleko Pirinio Atlantikoetako departamentuko zuzendaritzaren datuen arabera, Kazeta.eus-ek jaso duenez.

Bigarren mailan 1.069 ikasle arituko dira murgiltze ereduan, 786 euskal aukeran eta 2.205 elebidunean. Lizeora heldutakoan gutxiagok ikasten dute euskaraz: 227k euskarazko ereduan, 668 elebidunean eta 485 murgiltze ereduan.

2023-2024 ikasturteko beste berrikuntza bat da baxoa azterketa martxotik ekainera atzeratu dutela, lehengo eredura itzulita, Frantziako Hezkuntza ministro Gabriel Attal-ek abuztu amaieran jakinarazi duenez.