argia.eus
INPRIMATU
Seaskaren Integrazio Batzordeak diru bilketa abiatuko du larunbatean
  • 116.000 euro biltzea du helburu elkarteak, elbarritasun egoeran diren haurrei hezkuntza ikastolaren barruan eta beste umeen artean bideratu ahal izateko. Gaur egun Seaskan orotara 158 haur daude inklusio programan sartuta .

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko martxoaren 24a

"Inklusioak etenik ez du" lelo pean abiatuko du martxoaren 25 honetan Seaskako Integrazio Batzordeak diru bilketa kanpaina. 116.000 euro biltzea jarri du helburutzat, horri esker ahalmen urritasuna duten haurrei bermatu ahal izateko ikastolen baitan lekua. Larunbat egun osoan atxikiko ditu informazio mahaiak hainbat hiritan eta integrazio-batzordea.eus webgunean ere badago diruz laguntzeko bidea.

Gaur egun 158 haurrek dute laguntza berezi bat behar ikastolaren baitan jasotzeko hezkuntza. Hiru langile ditu kontratu pean elkarteak, laguntza hori bideratzeko gisan, eta jakitera eman dutenez, inklusiorako egitura pedagogikoa bideratzeko laugarren ikasgela irekiko du Seaskak irailean.

Hezkuntza ministerioaren murrizketak

Lemaren aukeraketa Frantziako Hezkuntza ministeritzak harturiko erabakiari lotua da. Hain zuzen, kurtsoez gain, bazkaltzeko tartean bideratu laguntza beregain ez duela hartuko jakitera eman zien ministerioak. 2022ko irailaz geroztik lekuko erakundeen esku utzi die gastu horien diruztatzea eta Integrazio Batzordeak deitoratu duenez "momentuko, horiek erantzuna ez da behar den heinekoa".

Konkretuki sei dira jangelan laguntza behar dutenak. "Gaur egungo egoerak gure ikasle ahulenak baztertzen ditu. Haurren sozializazioan eta hezkuntzan, gisa berean, gurasoen antolaketan ondorioak ditu", Integrazio Batzordeak deitoratzen duenez.

Ekimen bereziak agendan

Diru bilketa ezinbestekoa du elkarteak, eta jendea dinamikari lotzeko hitzorduak ere dituzte antolaturik. Martxoaren 19an egin zuten Itsas Laminen Korrika Angelun eta apirilaren 9an, Neska Korrika lasterketa dute eginen Azkainen.

1999an sortu zuten Integrazio Batzordea eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastoletan dabiltzanen ahalmen urriko umeen guraso eta lagunak biltzen ditu elkarteak. Helburua argi dute: "Desberdintasuna integratzen duen eskola izatea".