Euskararen Erakunde Publikoak postuen ukapenari buruzko problematika konpontzeko dagokion 140.000 euroko aurrekontua bere gain hartzeko eskatu zion Hezkuntza Ministerioari.
Legebiltzarkideak eta Euskararen Erakunde Publikoko kideak Parisen bildu ziren azaroaren 29an. Bertan, Frantziako Gobernuak kontra egin ezean Seaska finantzatzeko prest daudela helarazi zioten Hezkuntza Ministerioari.
Kazeta.eus-en argitaraturiko elkarrizketan Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak adierazi duenez, “EEPren proposamena onartzeko, Estatua abstenitu beharko litzateke edo gutxienez ez luke kontra bozkatu behar”.
Ikasturte honetarako, 25 postu eskatu zituzten, baina azkenean 20rekin antolatu dute ikasturtea. 20 horietatik, 14,5 Seaskaren gain gelditu ziren, baina elkartearen aurrekontuetan 10 besterik ez dira sartzen. “Postuak ezarri ditugu baina horiek ordaintzeko dirurik gabe, EEPk gainerako 4,5 horiek ordaintzeko dirua eskaini nahi digu”, gaineratu du Gorostiagak.
Hitzarmenaren bidean
Irailean egin ziren bilkuretan Pierre Barrière Akademia Ikuskariak hitzarmena suntsitzeko jarrera erakutsi zuen. Orain, Estatuak beste jarrera bat agertzea espero du Seaskako zuzendariak, “osteguneko bileretan jarrera nahiko baikorra agertu zuten hitzarmenarekiko”.
Hitzarmena izenpetzeko Seaskaren garapena bermatu eta bere izaera onartu behar duela aipatu du Gorostiagak.