argia.eus
INPRIMATU
Seaskako kideak Bordeleko errektoretzan kateatu dira, brebetako azterketen bahiketa salatzeko
  • Bi autobus abiatu dira asteazken goizean Baionatik Bordelera, errektoretzak Brebetan euskaraz egindako zientzietako azterketak ez zuzentzeko erabakia hartu ostean. Zenbait lagun errektoretzako atean kateatu dira diskriminazio linguistikoaren aurka protesta egiteko eta tentsio-uneak izan dira poliziarekin.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 04a
Errektoretzan kateatu den Seaskako kide bat (argazkia: Euskal Irratiak).

“Biziki bortizki” hurbildu da polizia Seaskako kideen kontra Ihintza Arrieta Euskal Irratietako berriemaileak informatu duenez. Protestan ari zirenen kontra gas negar-eragileak erabiltzeko mehatxua egin dute eta Bordelera iritsi direnetik protestan ari zirenen kontra pusaka aritu dira.  

Ez dute lortu, nolanahi ere, Seaskak bere protesta bururaino eramatea. Lau pertsona errektoretzako atean kateatu dira eta beste lau beste gune batean, errektoretzak azterketak bahitu izanaren kontra daudela adierazteko. Polizia kateatze horiek eragozten saiatu da bultzaka, arrakastarik gabe. Lau banderola zabaldu dituzte Seaskako kideek, diskriminazio linguistikoaren kontra eta “Brebeta euskaraz” mezuekin.

Haiek babestera joandako gurasoek koloretako kamisetak eraman dituzte, bakoitzak bere ikastetxea ordezkatzen. Hasierako tentsio-uneen ondoren egoera baretu da, baina 12:30ean oraindik poliziaz inguraturik zeuden Euskal Irratiek informatu dutenez.

Azterketen bahitzearen harira, Eñaut Elosegi, Xalbador kolegioko zuzendariaren adierazpenak jaso dituzte Euskal Irratiek: “Hau mespretxu seinale argi bat da guretzako. Sorpresa izan da azterketen kopiak bahitzea. Euskara ez dakiten bi inspektorek zuzendu dituzte zientzietako azterketak eta hona jin gara gure haserrea adieraztera”.