argia.eus
INPRIMATU
Seaskako ikastolen bigarren danborrada Miarritzen ostiral honetan
2019ko ekainaren 07a

Seaskako ikasleek baldintza desegokietan jarraitu beharko dute heldu den ikasturtean. Ikastolen federazioaren zuzendaritzak, gutxienez 30 postu gehiago behar dituela dio.

Amaitzear den ikasturtean, Lehen eta Bigarren mailetan ikasle kopurua emendatuz joan da gela bakoitzean, 30 eta 40 ikasleko gelak osatzeraino. Aurten berriz ere borrokatzea deliberatu dute beren helburuak betetzeko, 2019/2020 ikasturtea 30 posturekin antolatzeko

Berriki, Blanquer eta Gourault ministroek adierazpen ezin mingarriagoak egin dituzte. Seaskako arduradunek erran berri dutenez, “ministro horien helburua murgiltze eredua suntsitzea da”. Ez soilik ikastoletan, baita eskola publiko, pribatu edo edozein hezkuntza elkartean ere.

G7 goi-bileraren karietara Emmanuel Macron presidentea Miarritzen izan zen iragan astean. Alta, bada, “murgiltze eredua babesteko xedea duela”  adierazi zuen. Hartara, Macron ibili zen tokietan bigarren danborrada antolatzea deliberatu dute, baita bere hitzak oroitarazi ere

Ekainaren 7an 15.30tatik goiti, danbor hotsak entzunen dira Miarritzetik Pariseraino.