argia.eus
INPRIMATU
Seaskak protestak deitu ditu Tourrerako, errektoretzak euskarazko azterketak “bahitu” izanaz kexu
  • Seaskako ikasleek brebetan Zientziak ikasgaia euskaraz egin dute, iaz bezala. Aurten errektoretzak ez zuzentzeko agindua eman du. Seaskak mobilizazioak deitu ditu azterketen “bahiketa” eta Frantziako Gobernuak euskararen aurka duen jarrera mespretxatzeko.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 04a
34 ikastoletako 110 ordezkari biltzar nagusian brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen. Argazkia: Seaska.

Uztailak 4, asteazkenez, Bordelera joan dira hainbat irakasle eta guraso errektoretzaren aurrean protesta egitera. Uztailaren 28an, Frantziako Tourreko etapa bat Senpere eta Ezpeleta artean egingo da eta Seaskak deia egin du euskal herritarrek Tourra balia dezaten haserrea erakusteko.

13-14 urteko ikasleak dira kaltetuak, Piarres Larzabal, Xalbador, Manex Erdozaintzi Etxart eta Bernat Etxeparekoak. Brebetan Matematika eta Historia-Geografia euskaraz egiteko eskubidea lortua zuen Seaskak. 2017an ofizialki halako eskubiderik ez bazuten ere Zientzietako azterketa euskaraz egin zuten. Errektoretzak ez zuen inolako oztoporik jarri. Seaskako 179 ikaslek gauza bera egin dute aurten, eta errektoretzak azterketak ez zuzentzeko agindua eman du.

Seaskaren ustez, ez dago aurrekontu arazorik eta nahikoa irakasle dago azterketak zuzentzeko, kontua borondate politiko eza da. Federazioaren iritziz, Frantziaren helburua hizkuntzari prestigioa kentzea da, etxera baztertzea, eta suntsitzea.