argia.eus
INPRIMATU
Seaskak manifestazioa deitu du Hendaian larunbaterako
  • Falloux Legea baliatuta, Patrick Dallenes Baionako suprefetak debekatu egin dio Hendaiako Udalari herriko ikastola laguntzea. Erabakia atzera botatzeko eskatu zion Seaskako lehendakari Paxkal Indok atzoko prentsaurrekoan eta XIX. mendeko lege hori aldatzeko beharra azpimarratu zuen. Datorren larunbaterako, "euskara sostengatzera" deitu zituen Indok "euskaltzale oro", Hendaiako geltokitik abiatuta arratsaldeko bostetan egingo den manifestazioan.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 29a
Hendaiako ikastolako langile, guraso eta ikasleek 2009ko abenduan Herriko Etxearen atarian egindako protesta (Argazkia: Bob Edme / Kazeta.info)

Legea zorrotz betez gero, Seaskaren eredu osoa arriskuan legokeela azaldu zuen Paxkal Indok, ikastolen %80 itxiko bailirateke. Suprefeta berriak ez duela Euskal Herria ezagutzen erantsi zuen, eta kontra jarri dituela ez soilik Hendaiako ikastola eta Seaska, baizik eta baita "Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua, tokiko hautetsi gehienak eta parlamentari guztiak ere".

Indoren iritziz, suprefetak ez du erabakia bere kabuz hartu, eta atzean Manuel Valls Frantziako Barne ministroa egon daitekeela iradoki zuen.

Legea aldatzeko neurriak

Ez orain eta ez etorkizunean halakorik gerta ez dadin, legea aldatu behar dela nabarmendu zuen lehendakariak. Horretarako, Estatuan dauden hizkuntza gutxituetako beste eskolekin jarri dira harremanetan (tartean Okzitaniako kalandretekin, Bretainiako diwan eskolekin eta Kataluniakoekin) eta diputatu eta senatariekin ere hasi dira hartu-emanean, lege aldaketaren proposamena osatze aldera.

Hendaiako ikastola

Kazeta.info-k oroitarazi duen moduan, Hendaiako auzapez Battitta Sallaverryk ikastolaren bigarren eraikina 2014rako zabalik izango zela iragarri zuen duela urtebete. Egitasmoa geldirik dago, ordea, auzapezak “zailtasun berriak” atzeman dituelako bere hitza bete ahal izateko. Udalak 2,2 milioi euroko aurrekontua onartu zuen eta egoitza berriak hamazazpi ikasgela izan behar zituen. Egun, hamasei gela ditu, bost prefabrikatuak.